Itsasontziak eta ingurumena, biak batera babesteko asmakizuna
2002/01/11 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Itsasontziek, kargarik gabe doazenean, lasta-tankeak urez betetzen dituzte, pisua irabazi eta itsasoan egonkor higitzeko. Baina, urarekin batera, makina bat bizidun ere harrapatzen dituzte. Gero, portura iritsitakoan, hantxe bertan askatzen dituzte ura eta bizidunak. Espezie berri horietako asko inbaditzaile bihurtzen dira eta arazo ekologiko handiak sortzen dituzte. Horregatik, bidaia luzeak egiten dituzten ontziei lasta-ura porturatu aurretik aldatzeko eskatzen zaie. Baina gutxik egiten dute, denbora behar delako eta ontzia ezegonkortu daitekeelako.
Ingeniari japoniarrei itsasontzien lasta-tankeetako urari nitrogenoa gehitzea bururatu zitzaien herdoilari aurre egiteko. Ura nitrogenoz aberastea erraza eta merkea da, eta metodoak emaitza onak eman ditu. Gainera, poluzio ekologikoa eragozteko balio du.
Kaliforniako Monterry badiako Aquarium-eko biologo Mario Tamburrik tratamendu horrek hiru itsas animaliatan duen eragina aztertu du. Zehazki Estatu Batuetan inbaditzaile bihurtu diren karramarro, muskuilu eta zizare batzuen larbak bizpahiru egunetan hiltzen zirela ikusi du. Itsas bidaiek asteak irauten dituztenez, aski. Beste animalia batzuk eta zenbait landare zein onddo ere hil egingo direla uste du. Bakterioak, aldiz, oxigenorik gabe ere bizi daitezke, eta, beraz, metodo honekin ezin da inbasioa erabat eragotzi; baina hasiera da. Batez ere, itsasontzien jabeentzat dirua aurrezteko modua izan daitekeelako. Izan ere, aireko nitrogenoa harrapatu eta lasta-uretan borborka sartuko duen instalazioa jarrita, urteko 70.000-80.000 dolar aurrez daitezkeela kalkulatu dute.
Informazio osagarria:
Itsasontziek eragindako poluzioa
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia