}

Itsasontzi superazkarrak

2002/01/20 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Gaur egungo merkantzia-ontziak oso motelak dira. Pentsa! Batez beste, korrika ari den laguna baino pixka bat arinago higitzen dira eta Atlantikoa zeharkatzeko astebete behar dute. Plazer-bidaia izango balitz, tira, baina salgaiak izanik, beti hobe azkarrago. Orain arte, eragozpen tekniko saihestezinak omen zeuden, baina haiek gainditu eta Europatik Ameriketara hiru egunetan joango diren ontziak abian dira.

Merkantzia-ontziei abiadura handia hartzea eragozten dien faktore garrantzitsuena ‘olatu gatibua’ da. Olatu gatibua, izenak ongi adierazten duen bezala, olatu bat da eta, gatibua deritzo, itsasontziaren bultzadak sortu eta itsasontziarekin batera higitzen delako. Hau da, itsasontzi bakoitzari bere olatu gatibua dagokio. Gaurdaino, olatu berezi horrek mugatu du hein handi batean merkantzia-ontzien garapena, abiadurari dagokionez behintzat.

Olatu gatibua, oro har, haizeak sortutako olatuak bezalakoa da, hau da, lege fisiko berei jarraitzen die, baina sortu duen itsasontziarekin ere harreman estua du. Adibidez, ontzia zenbat eta handiagoa izan, orduan eta olatu handiagoa eratuko du; olatuaren abiadura ere itsasontziaren tamainaren araberakoa izango da. Merkantzia-ontziak handiak izaki, olatu gatibu handiak sortzen dituzte, noski.

Olatu gatibuaren gatibu

Olatua itsasontziaren aurretik doan bitartean ez da arazorik sortzen, baina itsasontziak olatuaren abiadura gainditzen badu, hor hasten dira komeriak. Olatua luzatu egiten da, handitu, eta, ontziaren popa gailurren arteko sakonunetan hondoratzen da. Popa hondoratuta, olatua eta itsasontziaren arteko marruskadura asko handitzen da, eta ontziaren abiadura txikitu. Fenomeno horren eraginez, merkantzia-ontzi modernoak ez dira 42 km/h-ko abiadura gainditzeko gai.

Gaur egun merkantzien bi heren itsasontziz garraiatzen dira.

Olatu gatibuaren ezaugarriak William Froude ontzi-arkitektoak deskribatu eta aztertu zituen XIX. mendean, eta, haren ustez, 42 km/h-ko abiaduratik goiti olatu gatibuaren marruskadura eragozpen nabarmena bihurtzen da. Uste hori indarrean dago gaur egun ere; izan ere, energia ikaragarria xahutu gabe ontziak ezin dira azkarrago ibili.

Bestalde, ontzien propultsioak ere hainbat muga ezartzen dizkio abiadurari. Adibidez, 55 km/h-ko abiaduratik gora (inoiz lortuko balute), helizean kabitazioa gertatzen da, hau da, helize-palen inguruan aire-barrunbe edo hutsuneak sortzen dira. Horrek bibrazio arriskutsuak eragiten ditu eta ontziak bultzada-indarra galtzen du.

Arazo hori hegazkinetan gertatu zen garai batean eta erreakzio-motorrekin eta hegalen diseinu-aldaketarekin konpondu zuten. Merkantzia-ontzien kasuan, gas-turbinak eta ur zorrotadako motorrak garatzen ari dira helizeen arazoa konpontzeko. Abiadura handian ibiltzeko ezin hobeak dira, efizientzia abiadurarekin handitzen baitute eta ez baita kabitaziorik sortzen.

Baina propultsioa hobetzea ez da aski olatu gatibua gainditzeko, itsasontziek ura bultzaka higitzen jarraitzen badute. Ura edo olatua zeharkatzen lagunduko dieten diseinuak behar dituzte ontziek.

Diseinu berritzaileak

FastShip enpresarentzat Rolls Royce etxea garatzen ari den ur- zorrotadako motorra.

Abiaduraren mugarria gainditzeko, merkantzia-ontzien diseinu berritzaileak aurkeztu dituzte hainbat enpresek. Erresuma Batuko Nigel Gee ingeniariak eta ADX Express partzuergoak Pentamaran deritzon diseinua erabili nahi dute olatu gatibua gainditu eta merkantzia-ontziak 70 km/h-ko abiaduran jartzeko. Pentamaran ontziak 280 metro luze izango dira eta 8.000 tona merkantzia garraiatzeko gaitasuna izango dute. Baina Pentamaran ontziek egingo duten ekarpena ez dago tamainan, abiaduran baizik, esan bezala, 70 km/h-ko abiaduran zeharkatuko baitute Ozeano Atlantikoa.

Misterioaren gakoa ontzien diseinuan dago, luzera eta zabaleraren arteko erlazioan, hain zuzen. Pentamaran ontziak ohikoak baino luzeagoak eta estuagoak izango dira, bikingoen ontziak bezala. Itsasontzia meharragoa izaki, olatu gatibu txikiagoa sortuko dute eta, bultzatu ordez, olatuak zeharkatzeko gai izango dira. Horrela, abiadura handiei eutsi ahal izango diete. Lehen Pentamaranaren gila 2003an prest egongo omen da. Hasieran merkantzia-ontziak bakarrik egingo dituzte, baina dagoeneko bidaiari-ontzietan eta ferryetan pentsatzen ari dira.

Orain arteko merkatari-ontziak zabalak izatearen arrazoia sinplea da; oro har, ontzi luze eta estuak zabalak baino ezegonkorragoak izaten dira. Oztopoa gainditzeko, Nigel Gee ingeniariak kanpoaldetik egitura berezi batez hornitu ditu Pentamaranak, egonkorrak izan daitezen.

Filadelfiako FastShip Atlantic konpainia ere helburu beraren atzetik dabil, baina beste alde batetik heldu diote olatu gatibuaren arazoari. Ontzi estuagoak egin ordez, V itxurako branka sakona eta sakonera gutxiko popa zapala duten itsasontziak diseinatu dituzte. Hau da, FastShip itsasontzien azpialdeak ahurrak izango dira.

Diseinu hidrodinamiko horri esker, olatu gatibuaren marruskadura asko murriztea lortzen dute. Abiadura handian, popan gailur artifizial bat eratzen da, ontziaren atzeko muturra altxatzen laguntzen duena, popa hondora ez dadin. Horrela, olatu gatibuaren marruskadura-efektua konpentsatzen dute. Olatu artifizialak, gainera, egonkortasuna emango dio ontziari itsaso zakarra dagoenean, eta ez omen du abiadurarik galduko. Helburua, berriz ere, bi urteko epean 70 km/h-ko abiaduran ibiliko den merkantzia-ontzia eraikitzea da.

7k-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia