Itsasoko bizidun guztiak zenbatu, banan-banan
2003/10/27 Elhuyar Zientzia
Itsasoko aberastasuna agerian utzi dute Itsasoko Bizidunen Errolda proiektuaren lehenengo emaitzek. Dagoeneko 15.300 itsas arrain identifikatu dituzte, eta oraindik milaka espezie identifikatu gabe daudela adierazi dute proiektuaren arduradunek.
Hiru urte daramatzate ikertzaileek lanean. 2010. urterako itsasoko animalia, landare eta mikroorganismo guztiak identifikatu nahi dituzte, eta izugarrizko lana dutela onartu dute. Proiektua martxan jarri zenetik, 53 herrialdetako 300 ikertzaile aritu dira lanean, eta orain eman dituzte lehenengo emaitzak, Washingtongo konferentzia batean.
Itsasoko bizidunen dibertsitatea, banaketa eta ugaritasuna aztertzea da proiektuaren helburu nagusia, eta, gerora, itsas atlasa sortzea. Espezie bakoitza non bizi den eta zein egoeratan dagoen azalduko da atlasean, besteak beste. Baina espezie guztiak deskribatzeko urte ugari beharko dutela onartu dute ikertzaileek, hamarkadak edo mendeak, agian, nahiz eta teknikarik berrienak erabiliko dituzten itsasoa aztertzeko: arrainei ezartzen zaizkien sentsoreak, proba genetikoak, itsaspeko ontzi automatiko berriak... Argi dago orain arte gizakiarentzat eskuraezinak izan diren lekuak eta espezieak aztertzeko aukera izango dutela.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia