Itsasoko amildegietako laborategia
2000/11/19 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia
Geostar zunda Italiako Ustica uhartearen inguruetan da, uharteko hegoaldeko urpean, 2.000 metrotara. Dagoeneko hilabeteren bat egin du itsas hondoan. Orain arte prestaketetan aritu bada ere, hemendik aurrera lanari ekin beharko dio. Datozen egunetan errobota informazioa bidaltzen hasiko da. Urpean gertatzen diren gorabehera sismikoak, aurki daitezkeen eremu magnetikoak, entzun daitezkeen soinuak, uraren gazitasunean gerta daitezkeen aldaketak, itsaspeko poluzioa eta abar zunda robotikoaren helburu dira. Horri buruzko informazioa bildu ahala lehorrera igorriko du.
Giuseppe Smirigliorentzat eta Paolo Favalirentzat, proiektua sortu zuten bi zientzialarientzat, une hauek hunkigarriak gertatzen ari dira. Sateliteen garaia eta espazioko esplorazioaren garaia bada ere, oraindik Lurrean bertan, itsaspean batez ere, bada argitu beharreko hainbat misterio.
Lanean orain hasi da, baina Geostarren bidaia duela sei urte hasi zen, bi ikertzaileek Europako Batasunetik eta Italiako erakundeetatik proiektuarentzat dirua lortu zutenean (11 milioi gutxi gorabehera). Horri esker Geostar zunda robotikoa errealitate bihurtu zen: itsaspeko laborategia, erabat automatikoa, sakonera handira iritsi eta han denbora asko egoteko gai. 1998an egin zuen urpeko lehen proba, Adriatiko itsasoko uretan. Bi urte eskas joan dira ordutik, baina proiektua bide onetik abiatu zen eta dagoeneko lanean ari da.
Lanean hasteko Ustica uhartea aukeratzea ez da kasualitate hutsa. "Afrika eta Eurasiaren arteko plaketako mugen inguruetan jarri nahi genuen, guretzat geodinamika ulertzea garrantzi handikoa baita". Giuseppe Etiopr-en hitzak dira, Geostar proiektuko partaidearenak. "Guretzat -dio Giuseppek- ur azpiko detekzio-estazioa ezinbestekoa da, gure sare sismikoa bakarrik lurrean gertatzen dena erakusteko gai baita". Jatorri eta ekimen italiarrekoa da, baina Geostar proiektua europarra ere badela esan daiteke, italiarrek Parisko Lurraren Fisikaren Institutuko, eta CNRSko Ozeanografia eta Biokimika Laborategiko frantziarren laguntza eta Berlingo Technische Fachhochschule erakundeko alemaniarren laguntza izan dutelako.
Probak proba -harrijasotzailea plazara ateratzen denean legetxe-, lanean hasteko orduan urduritasuna izan zen nagusi proiektu honetan lanean ari direnen artean. "Urperatzea ez da erraza izaten, koordinazioa behar-beharrezkoa da eta. Batez ere eguraldiaren gorabeherak hartu behar izaten dira kontuan. Geostar itsas-hondoan jarri ahal izateko, Urania itsasontziaren laguntza teknikoa eta logistikoa behar izan zen. "Benetan, zunda jaistea -adierazten du Paolo Favalik- hunkigarria izan zen. Zundak airean, 4.100 kiloko pisua du. Jakina, hori uretan gutxiago da. Baina horrek ez du aparteko esanahirik, garrantzitsuena: orain arte, inork ez duela horrelako laborategirik eraman hain behera, 2.000 metrotara alegia. Estatu Batuetan bertan, dituzten baliabide guztiak izanda ere, funtzio arrunteko robot txikiak jaistea besterik ez dute lortu".
Zunda bere tokian dago, lanean gainera; hortaz, kokatze-lanen urduritasuna historia besterik ez da, ardurak orain beste batzuk dira. "Komunikazioen gaiarekin kezkatzen hasita gaude, ez dadila behintzat laborategiaren eta gure artearen komunikazioan etenik gertatu. Robota egunero-egunero informazio ugari bidaltzen hasita dago eta horretaz baliatzeko moduan izan beharko ginateke. Komunikazioak etengo balira informaziorik ez litzateke galduko, proiektua ere ez litzateke amaitutzat emango, baina denboran luzatu egingo litzateke eta horrek arazoren bat edo beste eragin dezake". Zientzialariek egin duten planaren arabera, Geostar zunda maiatzera arte arituko da itsaspeko informazioa biltzeko lanean. Komunikazioen arazoak direla eta, atzerapena gertatuko balitz, teorian proiektua ez litzateke konponbiderik gabeko egoeran sartuko, zunda urtebetez ere ur azpian egon daitekeelako".
Oraingoz Geostar zunda bakarrik dago, baina ikerketen emaitzakinteresgarriak direla ikusten bada, proiektu honetako zuzendariak beste bi zunda urperatzeko lanekin hasiko dira. Horietako bat ere, Ustica uharteko inguruetan urperatuko dute, uhartearen iparraldean eta 3.500 metroko sakoneran; oraingoa baino 1.500 metro beherago. Pentsatzekoa da oraingo zunda 2.000 metrotara kokatzean urduritasuna nagusi izan bazen, 3.500 metrotara eramatean zailtasunak eta nerbioak ez direla txikiagoak izango. Hirugarren zunda, berriz, Cataniako kostaldean urperatuko dute, oraindik zehaztu gabeko tokian eta zehaztu gabeko sakoneran. Beraz, itsaspeko robotak konpainia izango du; eta ez hori bakarrik, lana hiruren artean banatzen badute, baliteke urpean denbora gutxiago egin behar izatea.
7kn argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia