Itsasargiak: orain eta hemen
2001/07/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Itsasargiak azken teknologiako tresnez beteta daude, eta zaindariak elektronikan aditu trebeak izaten dira. Baldintza gogorrenak dauden tokietan izaten da itsasargien behar handiena. Horien historia gizakiaren asmamenaren historia da, eta gaurko egoera itsasoa menderakaitza den lekuko. Itsasargiak kostaldera hurbiltzen diren ontzientzat laguntza dira. Baina, oro har, lehorrekoontzat arrotza egiten zaigu funtzionamendua.
Itsasargiak: orain eta hemen
Nabigatzaileentzat itsasargiek bi funtzio betetzen dituzte: norberaren kokapen zehatza jakiten laguntzea eta lehorreko tokien kokapena adieraztea. Gauez argien bitartez igortzen du itsasargiak bere informazioa eta egunez eraikinaren beraren ezaugarriek ematen dute identifikatzeko aukera. Ez dago bi itsasargi eraikin berdin-berdinak dituztenak. Gure kostakoak zuriak dira mendi berdeetan kontraste handia egin dezaten.
Horregatik, ezaugarri horiek itsasotik nola ikusten diren oso ondo zehaztuta dago nabigazio-mapetan. Zumaiako itsasargia, adibidez, etxe zuria da eta hiru leihodun dorre zuria du erdi-erdian. Teilatua gorria eta etxearen pareta bereizten dituen lerro urdina du. Itsasargiaren linterna ere urdina da. Hori guztia hemen baino xehetasun gehiagorekin zehazten da nabigazio-mapetan, neurriak eta itxurak aipatzen baitira. Marinelek, gainera, kostaldearen itxura erakusten duen marrazkiak erabiltzen dituzte. Euskal Herriko kostan oso erabilgarriak dira, oso menditsua baita.
Ilunpeko igorgailuak
Gauez izan daitekeen seinalerik garrantzitsuenetako bat itsasargiarena da. Ez dira eraikitzen ontzia kostatik oso gertu ote dagoen jakiteko bakarrik, ibilbide batean erreferentziako puntuak izateko ere balio dute. Gertutik ikusita, itsasargietako argiek ez dute ematen inguruko herrietakoak baino indartsuagoak. Baina haiek Fresnel lenteen bitartez indartzen dira. Horregatik, urruntzen garen heinean, hirietako argiek indarra azkar galtzen dute, baina itsasargienak, aldiz, oso pixkanaka desagertzen dira.
Gaur egun, nahi adina intentsitateko argia igor daitekeenez, itsasargia zein altueratan eraikita dagoen da ezaugarririk garrantzitsuenetako bat. Zenbat eta goragotik argitu, orduan eta urrutiagotik ikusiko da haren seinalea.
Dena dela, nahiz eta altuera txikian egon, toki estrategikoetan dauden itsasargiek argi bereziki indartsuak izaten dituzte. Euskal Herrikoetan irismen handienekoak 25 itsas milietara (ia 50 kilometro) ikusten dira, gutxi gorabehera. Higer lurmuturreko itsasargia, Donostiako Igeldokoa eta Matxitxakokoa daude irismen handienetakoen artean.
Itsasargi bakoitza identifikatu ahal izateko, argi-izpien bidezko kodea asmatu zen. Behin argiren bat detektatuz gero, marinelek izpiak zenbatu eta denbora neurtu egiten dute; itsasargi bakoitzak berezko ‘argi-jokoa’ du, nabigazio-mapetan ere zehaztuta dagoena. Baina identifikatzeko sistema hori ez dute itsasargiek bakarrik erabiltzen, kai-muturretan dauden balizek eta farolek ere argi-izpien kodeak dituzte.
Itsasargi batzuek distira-multzoak igortzen dituzte. Beste batzuetan alderantzizko sistema erabiltzen da, Zumaiakoan adibidez; hor, argia ikusten da eta, noizean behin, argi-izpi hori une batez estali eta eten egiten da. Hirugarren mota bat ere badago, iraupen berdineko argialdiak eta itzalaldiak dituena (argi-mota horri isofase deritzo); horrelakoa da, esate baterako, Pasaiako Platako itsasargia, lau segundoko periodoarekin.
Bestelako seinaleak
Lainoa dagoenean itsasoa bare-bare egoten da. Dena dela, portura iristeko zailtasun handiak izaten dira, itsasargiek ez dutelako ezertarako balio. Orduan, argia igorri ordez, soinuen bidezko seinaleak jartzen dira martxan. Seinale horiek entzun ahal izateko, ontzi motordunek askotan motorra itzali behar izaten dute. Hala eta guztiz ere, sistema eraginkorra da eta gaur egun sarritan erabiltzen dena. Matxitxakoko itsasargiak, adibidez, Morse bidez M letraren kodea soinuz igortzen du egun lainotuetan (eguraldia edozein dela ere, seinale hori bera irrati-maiztasunez beti zabaltzen du).
Arroka arriskutsuen kokaguneen berri emateko balizak erabiltzen dira. Hondoko itsasoa dagoenean, itsasontziak olatuarekin batera gora eta behera ibiltzen dira. Jaitsiera horietan, azpiko arroken kontra jo eta kroskoa zula dezakete. Nahikoa da buia argidun bat jartzea horrelakoak saihesteko.
Dena dela, ez da hori argi txikien eginkizun bakarra. Portu guztietan daude seinale horiek, bai kai-muturrak markatzeko (sartzean, argi berdeak ababorreko aldean eta gorriak istriborrekoan), bai eta sakonera handieneko bidea zehazteko (lerrokatze-argiak).
Porturatzeko zailtasunak ibaietako portuetan nabarmenak dira; alde batetik, ibaitik kontrako ur-lasterra datorrelako eta, bestetik, ibaiak ekar litzakeen enborrak eta beste gauza askok ontzia honda dezakeelako. Hori guztia kontuan hartuta, sartzeko bide egokiena ondo balizatzea oso garrantzitsua da. Ez da, beraz, lan makala nabigatzaileek egin behar dutena portura iristeko.
Elektronika ontzietan
Beharrezkoak al dira itsasargiak gaur egun? Teknologia ez al da behar hori ordezkatzeko adina garatu? Marinelek diotenez, ekaitz batean zaudela edozein laguntza da ona. Gaur egungo tresnarik deigarriena GPSa da. Horrek zure koordenatu zehatzak ematen dizkizu, gehienez 5 metroko gorabeherarekin.
Hala ere, makina horrek ez ditu aukera guztietarako irtenbideak ematen, eta askotan arazoak ematen ditu. Besteak beste, itsasoko urak zirkuitulaburrak sor ditzake eta, ondorioz, une okerrenetan funtzionatzeari uzten dio.
Dudarik gabe, teknologiak nabigazioa errazten du. Baina eguneroko eskarmentuak itsasoan erabateko kontrola ezinezkoa dela erakutsi du.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia