}

Itsas usainaren lekukoak

2000/05/02 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

AZTI fundazioaren Ozeanografia eta Itsas Inguruko Sailak Donostian du egoitza, baina bere eginkizuna ez da ezaguna

Egoitza Ondarretako hondartzaren parean kokatuta dago eta aurrez aurre itsasoa du. Ezin bestela izan. Esparru askotako zientzialariek osatzen duten talde handiak aztertzen du itsasoa ikuspuntu ezberdinetatik. Ikerketak bost esparru nagusitan banatzen dira.

«Ingurugiro behaketa» da lehenengoa. Itsasoaren ingurunearen kalitate kontrola aztertzen du. Bertan jarraipen orokorreko proiektuak, aldizkako laginketan oinarrituta, nahiz arazo zehatzetako ekintzak egiten diren. Aztertutako beste esparrua «itsasertzeko dinamika» da. Horretan kostaldean naturan gertatzen diren prozesuen azterketa egiten dute. Adibidez, ur masen nahasketak, tirainak, haizeak, ur lasterrak, batimetria, sedimentuen garraioa eta abar ikertzen dira. Prozesu natural horien jarraipena egiteko bertako datuak jasotzen dira eta modelizazioa egiten saiatzen dira.

Itsasoaren zaindariak

Bestalde, portuetan edo dragatze lanetan «ingurune-inpaktua» ere ikertzen da. Ikerketa horiek aldizkako behaketa dute inplizituki, bai lanek irauten duetn bitartean bai eta bukatuta daudenean ere. Aztertzen den beste esparru bat «aldagai ozeanografikoen eta arrantza lekuen arteko lotura» da. Lan hori AZTIko Arrantza Baliabideen Sailarekin batera egiten da. Ur lasterren, tenperaturaren, haizeen eta antzerako aldagaien eragina arrantzarako interesgarriak diren espezietan analizatzen da. Espezie horien populazioen banaketak, hazkuntzak, hilkortasunak eta abarrek jasotzen dute bereziki eragin hori.

Azkenik, «ingurune naturala eta baliabideen kudeaketa» ere zaintzen da. Adibidez, esparru honetan merkataritzan interesa duten algen ebaluazioa eta kartografia lantzen da. Helburu nagusia garapen eta ustiapen jasangarria izatea da, hau da, espezieen zentzuzko ustiapena populazioak arriskuan jarri gabe. Esparru horretan itsaskiaren kontrola eta itsas erreserben ikerketak ere egiten dira.

Itsasoa sistema konplexua da eta, beraz, ingurunearen kalitate kontrola ez da erraza. Horregatik, ikerketa azpisistema batzuetan oinarritu egin behar da. Hori dela-eta, itsasoaren kalitatea aztertzeko AZTI fundazioaren Ozeanografia eta Itsas Inguruko Sailak lau azpisistema aztertzen ditu. Horietako bakoitzean lortutako informazioa egoera orokorraren ekarpen ezberdina da.

Lehengo azpisistema ura bera da. Bertako hainbat aldagairen datuek (tenperatura, gazitasuna, uhertasuna, disolbatutako oxigenoa eta abar) uren nahasteak eta zirkulazioa ulertzen laguntzen dute. Horrela, isurketen eragina azter daitezke. Neurketak itsasoan zuzenean egiten dira batzuetan, datuak gainazaletik hondoraino jarraian jasotzeko gai diren gailuen bitartez. Bestela, laginak botila ozeanografikoetan har daitezke eta laborategietan neurtu.

Ingurunearen kalitateari buruzko informazioa eskaintzen duen beste azpisistema bat metatutako sedimentuek osatzen dute. Alde askotan partikulak itsas hondoan pilatzen dira. Batzuetan, partikula horiek poluitzaileak dituzte itsatsita. Beraz, sedimentuek alde horretako «his- toria» islatzen dute. Gainera, sedimentuak irabiatuz gero bertako poluitzaileak berriz itsasoratu litezke. Horregatik sedimentuen azterketak poluzio potentzialari buruzko informazioa erakusten du.

AZTIko langileek analizanalizatu ohi duten hirugarren azpisistema biomonitoreak dira. Ingurunearen egoera islatzen duten organismoak dira, alegia, gorputzean dituzten substantziak ingurunean daudenak dira eta kontzentrazio berdinetan, gainera. Organismo horiek ura iragazi eta partikulak atxikita elikatzen dira. Ohikoenak muskuiluak eta ostrak dira.

Azkenik, komunitate biologikoen jarraipena egiten da, batez ere bentonikoena (hondoan bizi direnena). Datu horiek ikuspegi orokorra ematen dute, uraren eta sedimentuen egoeren eragina jasotzen baitute. Informazio horretatik kostako zonen sailkapena egin eta arazoak izan ditzatekeen alderdiak aurkitzen dira. Zona horien joerak aztertzen dira eta kostaldearen zentzuzko erabilera sustatzeko ekarpen handiak egiten dira enpresa honetan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia