}

Itsas sektoreen garapen jasangarria sustatzeko tresna bat garatu dute

2025/02/06 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

itsas-sektoreen-garapen-jasangarria-sustatzeko-tre
Arg. Annelies Brouw / Pexels

Itsas eremuaren erabileren antolamenduan printzipio ekosistemikoak aintzat hartzeko tresna bat garatu du AZTI zentro teknologikoa buru duen nazioarteko ikertzaile-talde batek. Tresna horren eraginkortasuna frogatzeko egin duten ikerketa Communications Earth & Environment aldizkarian argitaratu dute

Ekosistemetan Oinarritutako Itsasoko Espazio Plangintza Ebaluatzeko Tresna (EB-MSP Assessment Tool) izeneko tresnak metodo estandarizatu bat eskaintzen du itsas espazioa antolatzeko prozesuaren faseetan kudeaketa ekosistemikoko praktikak integratzeko. Metodo hori bat dator Aniztasun Biologikoari buruzko Hitzarmenaren printzipioekin, eta kontserbazio globaleko helburuak babesten ditu, hala nola Kunming-Montrealgo Biodibertsitatearen Munduko Esparruan ezarritakoak.

Metodoa bereziki garrantzitsua da gaur egun; izan ere, sortzen ari diren sektoreek (itsas energia berriztagarriak, akuikultura eta itsas turismoa, esaterako) eta jarduera tradizionalek (arrantza eta itsas trafikoa, esaterako) gero eta baliabide eta espazio gehiago eskatzen dutenez, beharrezkoa da giza jardueren kudeaketaren ikuspegi integratua izatea. Ikertzaileen esanean, tresnak itsas eremuaren erabilerak antolatzeko planen ebaluazio zehatza egiteko aukera ematen du. Ingurumenari, gizarteari, ekonomiari, gobernantzari eta parte hartzeko prozesuei buruzko alderdiak behar bezala kontuan hartu diren ebaluatzen laguntzen du tresnak, eta itsas espazioaren kudeaketa etengabe hobetzeko ekintzak proposatzen ditu. 

Tresnaren eraginkortasuna frogatzeko, Bizkaiko golkoaren mugaz gaindiko itsas plan espazialen ebaluazioan erabili dute. Ikerketan zehar, hobetu beharreko alderdiak identifikatu ziren. Oro har, ikusi zuten klima aldaketak sistema sozioekologikoan dituen ondorioak eta itsas sektoreetan duen eragina kontuan hartzeko beharra dagoela, bai eta gobernantza egitura eta prozesu ekosistemikoen ezagutza hobetzeko beharra ere.

Ikertzaileek nabarmendu dute metodologia testuinguru geografiko desberdinetara egokitu daitekeela, eta hori ezinbestekoa dela ozeanoak babesteko nazioarteko lankidetzarako. Adierazi dutenez, tresna onarpen ona izaten ari da komunitate zientifikoan eta aplikatzen ari diren Europako hainbat herrialdetako itsas plangintzako arduradunengan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia