}

Itsas hondakin plastikoak urbanoen birziklatzeko sisteman tratatu daitezkeela frogatu dute

2024/12/15 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

itsas-hondakin-plastikoak-urbanoen-birziklatzeko-s
Ezkerretik eskuinera Amaia Mendoza, Galder Kortaberria eta Cristina Peña, itsas plastikoak birziklatzeko aukera aztertu duten ikerketa-taldeko kideak. Arg. EHU

Itsas jatorriko PET-botilen (polietilen tereftalatoa, itsas plastikorik ohikoenetakoa) bereizketa eraginkorra eta arrakastatsua da, EHUko Materialak + Teknologiak ikerketa-taldeak egindako ikerketa baten arabera. Hain zuzen, kostaldeko itsas zaborrak hiri-hondakin solidoak kudeatzeko sisteman txertatzeko aukera aztertu dute ikertzaileek, ikuspegi praktikotik. 

Izan ere, hiri-hondakin solidoek ez bezala, itsas hondakinek oraindik ez dute kudeaketa-sistema sistematizaturik. Ikertzaileek gogorarazi dute itsas hondakinek degradazio-maila handia dutela; hortaz, hau zen ikertzaileen lehen galdera: degradazio-maila handi hori oztopoa da itsas hondakinak hiri-hondakinen kudeaketa-prozesu batean sailkatzeko?.

Horri erantzuteko, marka bereko PETezko ur-botilak erabili dituzte, bi multzotan banatuta: lehenengoa aire zabaleanutzi dute bederatzi hilabetez, eta hondartza edo kostalde harritsu bateko baldintzak simulatzen ditugu; bigarrena, berriz, itsasoan murgildu dute denbora-tarte berean. Ohartu ziren botila urperatuek degradazio kimiko handiagoa jasaten zutela; aldiz, kostaldean eta aire zabalean zeudenek egoera hobean iraun zuten. Ondoren, simulatu zuten nola kudeatuko liratekeen material horiek hiri-hondakin solidoak tratatzeko instalazio batean, eta degradaziorik gabeko botila berdinekin alderatu zuten, ikusteko ea instalazio horietako bereizketa automatikoko ekipoak gai izango ote ziren itsas jatorriko plastikozko botilak identifikatzeko eta bereizteko.

Hori argitzeko, bereizketa optikoko sistema batekin probak egin zituzten; hau da, materialak konposizioaren arabera automatikoki sailkatzen dituen teknologia batekin. Hala frogatu zuten posible dela prozesu bateratu batean itsas jatorriko eta hiri-jatorriko PET-botilak bereiztea. 

Ikertzaileen esanean, lehen urratsa da garapenerako potentzial handia duen eremu batean. Izan ere, uste dute, hondakin-mota honen kudeaketa zenbat eta eraginkorragoa eta bideragarriagoa izan, orduan eta handiagoa izango dela horiek aprobetxatzeko pizgarria eta, beraz, itsasotik jasotzeko interesa handituko dela.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia