}

Itsas erupzio baten istorioa

2001/08/20 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia


1997ko urrian, Oregon Unibertsitateko bi geologok tresna berezi eta sofistikatu bat (ingelesez rumbleometer) jarri zuten Oregon-eko kostaldetik 500 km-ra hedatzen den sumendi-lerroan. Gailu berezi hori ozeanoaren sakonera, itsas-lasterrak eta sumendien ondoko tenperatura zehaztasunez neurtzeko gai da. Bi geologoek 15 urtez aztertu dute Oregon-eko sumendi-lerroa eta, 1997an, erupzioen aurretik itsas hondoan geratzen ziren mugimenduak ikertu nahi zituzten. Horretan ari zirela, 1998an, ustekabeko erupzio batek neurgailua harrapatu zuen, baina tresna ez zen hondatu eta urpeko sumendi baten erupzioaren argazki osatuena egitea lortu zuen.

1998ko erupzioa laminarra izan zen, hau da, laba pixkanaka eta geruza moduan hedatu zen eta muturrak hoztu eta gogortu aurretik zenbait kilometro karratu estali zituen. Zorionez, labak ez zuen neurgailua arrastaka eraman eta prozesuaren segimendua egin ahal izan zen. Nature aldizkarian argitaratu dutenez, ezusteko horri esker itsas sumendien erupzioen eredu teorikoak zuzenak direla ondorioztatu ahal izan dute ikertzaileek.

Erupzioa pausoz pauso

Hasieran, laba-geruza poliki-poliki hedatu egin zen, baina urak beroa xurgatzeko duen gaitasun ikaragarria medio, gailuak 4 ºC-ko tenperatura-igoera besterik ez zuen neurtu laba gori-goritik metro batera. Geruzaren goialdea berehala hoztu eta gogortu zen eta, orduan, ikuskizun are txundigarriagoa hasi zen. Sumendi-lerroak etengabe jariatzen zuen labak egindako presioaren ondorioz, geruza globoa bailitzan puzten hasi zen eta ordubetean 3,5 metroko altuera hartu zuen. Gero, uzkurtzen hasi zen, geruza solidoan sortutako pitzaduretatik kanpora edota berriz ere sumendian behera bidea aurkitu baitzuen labak. Fenomenoa hasi eta bi ordu eta erdira, itsas hondoaren maila berriz ere finkatu egin zen, baina jatorrizko egoera baino metro bat gorago.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia