Isileko krisia
1997/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Isilean zabaltzen delako eta epe motzean herrialde osoko oreka ekologikoa hankaz gora jar dezakeelako dio TERI izeneko ikerketa-zentroak lurzoruaren degradazioa dela India mehatxupean duen isileko krisia. Higadura eta mantenugaien murrizketa dira Indiako lurzoruaren emankortasuna arriskuan jarri duten faktoreak; ez da ahaztu behar, bestalde, lurzoruaren gaitasunean oinarritzen dela herritarren iraupena bera ere.
Indiak duela 50 urte eskuratu zuen independentzia. Hori dela eta, TERI izeneko erakundeak Indiako ingurugiro-arazoei buruzko txostena eman du argitara. TERIko teknikariek diotenez, gaur egungo arazorik garrantzitsuena lurzoruaren degradazioa da. Batere neurririk gabe nagusitu den nekazaritza intentsiboa, nekazaritza-teknikak batere berritu ez izanak edota industri eremu berriak sortzeko eta populazioaren hazkundeari irtenbidea emateko bultzatu den baso-soiltzea dira, beste batzuen artean, TERIren txostenean aipatzen diren arrazoiak.
Arazoa, alabaina, ez da oraindik atzeraezinezko puntura iritsi; teknikariek diotenez, lurzoruaren degradazioa zerk sortzen duen jakina da eta, beraz, arazo horiei konponbidea jartzea besterik ez da falta. Egitekotan, ordea, oraintxe egin beharko dela ohartu dute: milioika biztanleren etorkizuna jokoan dago eta.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia