}

Iruñean lehen ebakuntza-gela "adimenduna" inauguratu dute

2001/05/28 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Punta-puntako aurrerapen teknologikoez eta informatikoez hornitutako ebakuntza-gela inauguratu berri dute Iruñeko Virgen del Camino ospitalean. 30 milioi inguruko kostua izan du eta Europan dagoen era horretako bigarrena da.

Gela berria haurdunaldietarako gunean dago eta gehienbat arazo ginekologikoetan erabiltzen den laparoskopia- egiteko erabiliko da. Kirurgia orokorreko beste ebakuntza batzuetarako ere erabiliko da, hala nola, hernietarako, heste-erresekzioetarako, behazun-xixkuetarako...

Laparoskopia barrunbe abdominaleko azterketa endoskopikoa da. Horretarako, ebaki txiki batetik laparoskopio deritzon instrumentua eta sendagilearen mugimenduak gidatzeko kamera sartzen dira. Ebakuntza-gela horren ekarpen nagusia azterketa zehatza egiteko beharrezko diren irudien kalitate ona da.

Gainera, ebakuntza-gela berriak sendagileen errendimendua hobetuko duela espero da, lanpara eta instrumentu guztien posizioak memorian gordetzen baititu. Horrela, instrumentuen kokapen zehatza lortzeko ez da denborarik galduko eta ebakuntzak laburragoak izango dira. Bestalde, irudiak hartzen dituzten aparatu guztien konexioak kontrolatzen dituen ordenagailu zentralak datu guztiak era grafiko zein testualean tratatzen ditu. Datuok sistema maneiatzeko bi pantailetan agertzen dira.

Gela horren beste berrikuntza nagusietako bat azterketa bideoan grabatu edo munduko adituekin zuzeneko harremana edukitzeko aukera da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia