}

Irrati-difusioa

1996/02/01 Irureta Azkune, Onintza Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zientzia eta teknologia urratsez urrats aurreratzen doaz eta beren eragina gure eguneroko bizitzan begibistakoa da. Makina bat ordu piztuta dirauen etxeko edo autoko irrati-aparatuak ere, ez dizkigu ezerezetik eskaintzen abesti eta hitz-jarioak.

Heinrich Hertz-ek lortu zuen lehen aldiz irrati-bidezko emisioak egitea 1886an. Zentimetro batzuetara transmititu ahal izan zuen mezu hura kable batean txinparta-itxuran askatu zen energia besterik ez zen izan.

1897an Marconik irrati-seinaleak 29 km-ra zegoen untzira emititzea lortu zuen. Urte batzuk geroago, untzietan haririk gabeko irratia erabiltzen hasi ziren.

Lehen irrati-aparatuak aparatu telegrafikoei konektatuta zeuden eta azken horiek seinaleak paperean jasotzen zituzten. Ondorengo irratietan osagairik garrantzitsuena detektagailua izan zen. Detektagailurik ezagunena magnetita edo siliziozko kristalak eta haritxo batek osatzen zutena zen. Galena izeneko detektagailu hori balbula termoionikoa asmatu arte erabili zen. Azken horrek berriz, merkea eta erosoa zenez, transistorea agertu arte iraun zuen.

Ahotsezko lehen emisioak Alemanian eta Estatu Batuetan egin zituzten, baina saiakuntza horietaz inor gutxi arduratu zen.

1919. urtetik aurrera ordea, telegrafia alde batera utzi zuten irrati-zaletuek. Izan ere, Forest amerikarrak asmatutako triodoak (hiru elektrodo dituen hodi edo balbula elektronikoak) seinaleak transmititu, detektatu edota anplifikatzeko balio zuen eta asmakuntza horri esker, industria berria sortu zen: irrati-emisoreena.

Aurrerapena garrantzitsua izanik ere, 20ko hamarkadako lehenengo irrati-transmisioa eta irrati-aparatuen kalitatea eta konplexutasuna, ez dago gaur egungo baliabide anitzekin alderatzerik. Etxeko lehenengo aparatuetara seinalea oso ahul iristeaz gain, sentikortasun txikia zuten aparatu zaharrek.

Teknologiaren oinarrizko erabilpenean datza irratia. Gure gizartean erabat sustraitutik badago ere, ez da horrela gertatzen mundu osoan.

Hori zela eta, antenak lurretik hamar metrora kokatuta eta ondo isolatuta egon behar zuen. Hala eta guztiz ere, aurikularretatik entzuteko adinako potentzia bakarrik lortzen zen. Lehen bozgorailuek berriz, potentzia gehiago zuten, gela batean zegoen jendea isil isilik egonez gero irratsaioa entzuteko modukoa. 1920an Estatu Batuetan Rice eta Kellogg-ek bobina mugikorreko bozgorailua asmatu zuten eta gaur arte ia aldatu gabe iraun du diseinu horrek.

Historia apurraren ondoren, azal dezagun zer gertatzenden irrati-aparatua piztutakoan irratsaioa entzun ahal izan dezagun.

Irrati-bidezko komunikazioa uhin hertziar edo elektromagnetiko deiturikoen bitartez gauzatzen da. Uhin hertziar bakoitzak bere ezaugarri propioak ditu eta maiztasunaren arabera mota batzuk bereizten dira: uhin laburrak, ertainak, luzeak eta VHF-ak (maiztasun oso handikoak). Irrati-emisora bakoitzak beraz, maiztasun-banda jakin bat izango du darabilen uhin-motaren arabera. Mezua bidaltzeko euskarria zein den jakinda, agertu dezagun zehazki irrati-emisorako esatariaren hitzek gure etxeko irrati-aparatura iristeko betetzen duten bidea.

Esatariaren berba hasteko, mikrofonoak jaso eta seinale elektriko bihurtzen du. Gero, seinale hori modulatu egin behar da, behe frekuentzian dagoenez, bidaltzeko moduan ipini behar baita. Seinale horri uhin edo seinale modulatzailea deitzen zaio. Irrati-emisorak bere transmisorean oszilagailua deitutako aparatua du eta horrek uhin eramalea sortzen du. Uhin eramale hori goi frekuentzian dago, hau da, bere maiztasuna irrati-emisoraren kanalaren berdina da.

Modulatzerakoan, seinale modulatzaileak uhin eramalearen ezaugarrietako bat aldatzen du (uhinaren anplitudea, maiztasuna edo fasea) eta aldatu den uhin eramale hori, seinale edo uhin modulatua, transmititu egiten da. Horregatik bilatzen ditugu irrati aparatuan AM (anplitude modulazioa), FM (frekuentzia modulazioa) eta PM (fase modulazioa) deituriko ezaugarriak.

Uhin elektromagnetiko modulatuaren transmisioa lurrekoa (irrati-estazioko antenatik aparatuaren antenara) eta satelite-bidezkoa (satelitetik gure antenara) izan daiteke. Irrati aparatua irrati-emisora horren frekuentziarekin sintonizatzen dugunean, airetik igorri den seinale modulatua helduko zaigu. Urrats horretara iritsita, prozesua atzekoz aurrera burutzen da.

Seinale modulatua desmodulatu egiten da, hau da, goi frekuentziako uhin eramalea kendu eta behe frekuentziako seinale elektrikoa gelditzen da. Emititzerakoan bezalaxe, ahul iristen den seinalea anplifikagailuak indartu egiten du. Azken urratsa, bozgorailuen bidez seinale elektrikoa soinu bihurtzea da. Eta prozesu hori guztia amaitzerakoan, irratia sintonizatu eta esatariak mikrofono aurrean esandakoa entzun ahal izango dugu.

Hargailua eta transmisorearen arteko erresonantzia.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia