“Irekiak izan behar dugu Iberiako hegoaldeko neandertalak aztertzean”
2013/02/21 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zuen lanaren kritika nagusia da aztarnategi gutxi aztertu dituzuela.
Oso toki garaietako hezurrak besterik ezin izan ditugu datatu, klima hotzetakoak: Jarama VI eta Zafarraya aztarnategikoak. Eta jendeak dio neandertalek, seguruenik, denbora gehiago iraun zutela kostaldean. Beraz, gure teknikaren bitartez ezingo genituzke azken neandertalak aztertu.
Dena dela, teknika aplika daitekeen tokietan, emaitza beti izaten da fosilak uste baino zaharragoak direla. Estrapola daiteke ondorio hori klima beroko aztarnategietara?
Bai, eta horixe da gure artikuluaren ondorio nagusia. Hamar urtez, gutxienez, jakin izan dugu fosilak garbitzeko metodo tradizionalek ez dutela kasu guztietan guztiz kentzen karbono berriaren kutsadura. Batzuetan, metodo horrekin egindako Pleistozenoko erradiokarbono-datazioak zuzenak dira, eta beste batzuetan ez. Iberiako hegoaldean harrigarria da nolako aldea dagoen ohiko azido-base-azido metodoak eta gure ultrairagazte-metodoak ematen dituzten emaitzen artean: ia 20.000 urteren aldea. Guk uste dugu hori dela inguru osoan materia organikoa ez delako ondo kontserbatzen. Jarama VIn, Madrilen, eta Zafarrayan, Granadan, egin zituzten lehen ikerketetan, normalean fidagarritzat hartuko ez liratekeen laginak eta datazioak fidagarritzat hartu ziren, datazioa egiteko besterik ez zegoelako. Eta, berez, kontserbazio-arazoak askoz handiagoak direnez, espero izatekoa litzateke kostaldeko aztarnategietako datazioak mendiko laginetakoak baino okerragoak izatea. Hala ere, ezin dugu esan kostaldeko datazio guztiak okerrak direnik. Esan dezakeguna da kronologia horiek berraztertu behar direla.
Zuen datazioak gutxienez 45.000 urtekoak dira. Azken neandertalak ez ziren Iberiako hegoaldean bizi?
Guk esaten dugu ez dugula ebidentzia kronologikorik Iberiako hegoaldean azken neandertalak han egon zirela esateko. Agian, han egon ziren: ebidentziaren gabezia ez da gabeziaren ebidentzia. Nire ustez, gure ikerketaren ondorioa da irekiak izan behar dugula Iberiako hegoaldean gertatu zena aztertzean: agian, azken neandertalak izan ziren han; agian, gizaki modernoak izan ziren; eta, agian, azken neandertalen garaian ez zen inongo gizakirik izan toki hartan. Izan liteke, halaber, interesatzen zaigun sedimentua falta izatea erregistro askotan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia