}

Iraupeneko-lasterketa luzea odol artifizialaren bila

2001/06/15 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Odolak gorputz osoan zirkulatzen duela jakin bezain laster hasi zen bere ordezkoa aurkitzeko lasterketa. Medikuek 1667an erdietsi zuten lehen odol-transfusioa, baina hartzaileak hil egiten ziren. Ondorioz, odol-transfusioak ez egitea erabaki zen (behintzat ikerketa sakonagoak egin artean). 1868a ezkeroztik, ordea, ikerlariek hemoglobina duten soluzioak erabiltzen hasi ziren. Hemoglobina odoleko globulu gorrietan dagoen proteina da eta oxigenoa garraiatzen du. 1883an, sodio- kloruroz, potasioz eta kaltzioz eginiko Ringer soluzioa prestatu zuten. Hemorragiak gainditzeko salto handia izan zen, odola galtzeak eragiten duen presio-beherapena konpontzen baitzuen. Gerora, sendagileek laktatoa gehitu zioten eta, oraindik ere, odol-bolumena berregiteko gehien erabiltzen den soluzioa izaten jarraitzen du.

Ikerketek bultzada handia izan zuten Bigarren Mundu Gerran, baina Vietnamgo gerra izan zen odol-transfusioen mugak agerian utzi zituena. Gainera, 80ko urteetan, hepatitisa asko zabaldu eta GIB birusa agertu zenean, odol-emaileen kopurua nabarmen jaitsi zen eta berriz ere ikerketaren fasea berpiztu egin zen.

Odol-transfusioei dagokienez, ikerketak urte luzeetan arrastaka ibili ondoren, ikerlariek koagulazioaren, bakterioen kutsaduraren eta odol-talde desberdinen arteko mekanismoak ongi ulertu zituztenetik ikaragarri erabili dira, odol-jario larrietan, oraindik ere, odola baita aukerarik egokiena –eta maiz, bakarra–.

Baina ikerlariek ez dute hain erraz etsitzen eta, oraindik ere, odolaren ordezkoaren bila dabiltza. Horretarako, denboraldi baterako globulu gorrien oxigenoa garraiatzeko ahalmena handituko duten produktuak diseinatzen ari dira.

Gizakiaren hemoglobinan oinarrituta ikertu duten produktuetako bat Baxter etxearen HemAssist da, zientzialarientzat DCLHd (diaspirin cross-linked hemoglobin). Ikerketa klinikoetan egindako probetan, hilkortasun-tasa espero baino handiagoa izan zen, eta horrek zalantzan utzi zuen produktuaren eraginkortasuna eta kalterik ez egitea.


Hori dela eta, 1998tik, ikerketak beste bide bat jorratzen ari dira. ADNan proteina bat fabrikatzeko informazio genetikoa sartzea da ideia. Horrela, ADNak zelulari proteina sortzeko agindua emango lioke. Odolaren kasuan, ekoitzi beharreko proteina hemoglobina litzateke. Gainera, hemoglobinaren egitura molekularra aldatuz, seinale kliniko espezifikoei erantzungo dien hemoglobina sor daiteke.

Medikuntza eta txirrindularitzaren arteko lasterketa

Odol artifiziala larrialdietan odolaren ordezko gisa erabiltzeko ari dira diseinatzen, baina lasterketa horretan medikuntza, beste askotan bezala, eliteko kirolaren atzean gelditu da. Izan ere, nahiz eta ikerketa klinikoek emaitza eskasak erakutsi HemAssista txirrindulariek dopatzeko erabiltzen dute, Giroan kasu. Sendagileen hitzetan, gorputzak modu naturalean sortzen duen edozein substantzia artifizialki sartzeak beti du arriskua, eta kasu honetan ezin bada ziurtasun osoz mintzatu ere, globulu gorriak lehertzea eragin dezake.

Txirrindularitzan erabiltzen den beste produktuetako bat RSR13 da. HemAssista bezala, globulu gorriek oxigeno gehiago askatzea eragiten du. Pilula edo zainetik har daiteke, baina oraindik ikerketa-fasean dago. Gehienbat, minbiziak sendatzeko tratamenduak hobetzeko eta anoxia kasu larrietan erabiltzeko diseinatu da. Oraingoz, minbizia duten eta tratamendu erradioaktiboa egiten ari diren pazienteekin saiatu da eta tolerantzia-maila ona eman du, nahiz eta goizegi den eraginkortasuna erabat baieztatzeko.

Odol-transfusioen desabantailak

Odoljario larrietan, oraindik ere, odola da aukerarik egokiena –eta maiz, bakarra–. Horregatik, garrantzitsua da odol-emaileen kopuruari eustea eta ahal dela emendatzea, baina odolak desabantaila asko ditu: udan odol-emaileen kopurua asko jaisten da; ezin daiteke sei aste baino gehiago gorde; zaila da larrialdietan emailearen eta hartzailearen odol-taldeen bateragarritasuna ezagutzea; eta, gainera, anbulantzian odol-poltsak garraiatzea ez da batere erosoa, tenperatura hotzean gorde behar baitira. Gainera, hamar odol-hartzailetatik batek jasaten ditu transfusio ondoreneko erreakzioak, nahiz eta larriak ez izan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia