Iragarki ateoak
2009/02/04 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Britainia Handian sortu ziren ideia eta kanpaina, Ariane Sherine kazetariaren eskutik. Joan den urteko ekainean Atheist-Gimme five ("Ateo, emadazu bostekoa") artikulua argitaratu zuen Sherinek The Guardian egunkarian. Artikuluan kontatzen du Bibliako aipu bat zeraman autobus bat ikusi zuela lanerako bidean, eta webgune baten helbidea aipuaren azpian, eta web gunean sartutakoan, hauxe: Jesusen hitza ez onartzekotan, infernuko sutan betiko erretzeko mehatxua. Bidegabea iruditu zitzaion haiek ez bezala pentsatzen zutenen aurka horrela mintzatzen zirenak autobusetan iragarrita ikustea, baina ez zen ekintza salatzera mugatu. Artikuluaren amaieran gonbita egin zien hura irakurtzen ari ziren ateoei; bost libra emateko prest zeuden 4.680 irakurle ateo bilduz gero, batuko zuten dirua autobus batean iragarki bat jartzeko, esango zuena ziur asko jainkoa ez dela existitzen, eta lasai bizitzeko.
Eskatu —eta uste— baino askoz ere gehiago batu ziren Sheridanen proposamenera, eta aurreikusi baino sei bider diru gehiago lortu dute dagoeneko. Azkenean, urtarrilarekin batera agertu ziren lehenengo iragarkiak Londresko autobusetan , eta Londrestik munduko beste hainbat hiritara zabaldu dira. Autobus ateo gisa bihurtu dira ezagun, eta nahi nuke Euskal Herriko hiriburuetan ere haiek ikusteko aukera eduki laster.
Lelo eta kutsu jostagarriak ditu iragarkiak, baina sakona da haren bidez zabaldu nahi den mezua. Izan ere, arrazoiak eta humanismoak gidatuko dituzten gizarteak eraikitzea ez da huskeria. Baina ameskeria ere ez; eta kanpaina honek ongarritu egin du giroa, akzioari esker, eta baita erreakzioari esker ere. Batetik, nabarmentasuna eman dio jainkorik gabeko gizarte-ereduari; eta, bestetik, idatziz aitortutako estatu, eskola eta gobernu laikoak egia bihurtzeko falta denaren neurria eman dute izaten ari den zailtasunek.
Ni, kasualitatez, jainkoari buruzko liburu bat irakurtzen harrapatu nau autobusetako iragarkien kontu honek, Richard Dawkins -en The God Delusion ("Jainkoaren ameskeria"), hain zuzen ere. Zoologoa, eboluzionista eta ateista sutsua da Dawkins, eta Britainia Handiko iragarki-kanpainari diru-ekarpen handia egin dio.
Liburuan, bistan denez, jainkoaren existentziaren gaiari heltzen dio, eta egiten duen hurbilketa da gehien gustatu zaidana. Dawkinsek garbi du jainkoa existitzen den edo ez den ikuspegi zientifikotik azter daitekeela, eta horixe egiten du liburuan. Jainkoa hipotesi zientifiko gisa hartu, eta hura existitzearen aldeko eta kontrako argudioak xehatu. Liburuaren lehen zatian, arrazoibide sendoa garatzen du Dawkinsek, ziur asko jainkoa existitzen ez dela frogatzeko, eta, bigarrenean, hipotesi bat garatzen du, azaltzeko zer dela eta sinesten duen gizakiak jainkoan.
Jakina, zientzialarien artean denek ez dute Dawkinsen toki berean jartzen jainkoaren aztergarritasunaren muga. Zientziak jainkoari buruz deus esateko ez duela argudiatzen dutenak ere asko dira, eta sendotasun handiz egiten dute horiek ere. Eta metodo zientifikoa zer den zentzu hertsian hartuta, nekez esan liteke oker daudenik. Pena da, ordea, horretara mugatzea, oso gauza beharrezkoak esan baitaitezke metodoaren espiritutik.
Berria n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia