}

Irabazleak gorriz janzten dira

2009/11/01 Korta Hernandez, Nerea - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Gorriak ikusi, negu gorria jasan, larru gorritan egon, kale gorrian geratu... Gorri hitzak euskaraz badu, koloreaz gain, beste konnotaziorik. Kolorea bera, kulturalki, sentipen gogorrei loturik dago: haserrea, beldurra... Arrazoiarekin, gainera. Zientzia-ikerketek erakutsi dutenez, gorriak eragin nabarmena du gizakien portaeran.
Zenbait ikerketak erakutsi dute gizonezkoek erakargarriago ikusten dituztela gorriz jantzitako emakumeak (Argazkia: Liu Xiang ) .

Kolorea espektro elektromagnetikoaren zati ikusgaia interpretatzean sortzen den ikusmen-pertzepzioa da. Eta gorria da gizakia ikusteko gai den maiztasun txikieneko kolorea. Baina odolaren kolorea da, eta suaren kolorea. Eragina du gizakietan eta animalietan.

Gorriak animalien portaeran zer efektu duen aztertu zuen lehen zientzialaria Niko Tinbergen Nobel sariduna izan zen. Duela 60 urte konturatu zen bere leiho ondoan postako furgoneta gorriak aparkatzen zuen bakoitzean bere arrain hiruarantzek jarrera agresibo burumakurra hartzen zutela, normalean har aurkariekin topatzean hartzen zutena.

Primateetan ere badu eragina. Durham Unibertsitateak egindako ikerketa batek erakutsi duenez, mandril harrak zenbat eta testosterona gehiago izan, orduan eta gorriagoak dira. Horregatik, antzeko gorritasuna dutenen artean, ohikoak dira mehatxuak, borrokak eta atzera-egiteak. Kolore-ezberdintasun handiak daudenean, ordea, argienak erretiratu egiten da.

Zientzialariek diotenez, kirolariak gorriz janzteak lehia estuetan irabaztea eragin dezake (Argazkia: Aspepelota ) .

Duela urte batzuk, unibertsitate bereko Russel Hill eta Robert Barton ikertzaileak konturatu ziren koloreak eragin indartsua zuela kirolean irabazteko. Atenasko 2004ko joko olinpikoetan, zenbait borroka-kiroletan, jokalariei uniforme gorria edo urdina esleitu zitzaien. Borroken emaitzak aztertu zituztenean, ikusi zuten borrokaldien % 55 inguru gorriz jantzitako jokalariek irabazi zutela. Lehia estuen % 62 irabazi zuten gorriek. Ondorioztatu zutenez, trebetasuna eta indarra ziren faktore garrantzitsuenak, baina borrokak simetriko samarrak zirenean koloreak makurtzen zuen balantza alde batera edo bestera.

Gorriak badu eragina taldeko kiroletan ere. Lehengo urtean, Plymoutheko Unibertsitateak egindako futbol ingelesaren 56 denboraldiri buruzko ikerketa batean, ikusi zuten uniforme gorria lehen aukera gisa zuten taldeek ligako postuetan gorago amaitzen zutela batez beste, eta etxeko partida gehiago irabazten zituztela beste koloreak zituzten taldeek baino —horrek esplikatuko luke, nolabait, zergatik irabazi dituzten Liverpoolek, Manchester Unitedek eta Arsenalek 63 ligatatik 38 titulu, Bigarren Mundu Gerratik.

Primateetan, kolore gorriak testosterona-maila altua edo estaltze-garaia adierazten du (Argazkia: Photlook ) .

Hill eta Bartonek, 2004ko Eurokopako Portugalgo finalean eginiko azterketa batean —ez zuten argitaratu azterketa—, ondorioztatu zuten beren uniformeetako batean gorria zuten taldeek gol gehiago sartu zituztela kolore hori jantzi zutenean. Eta Chichesterreko Unibertsitateko talde batek aurkitu zuen penaltiak gelditzean atezainak beren buruaz ziurrago sentitzen zirela jaurtitzaileak kamiseta zuria zuenean gorria zuenean baino.

Gorria ez da beti beldurrarekin lotzen. Rochester Unibertsitateko azterketa batean, emakume erakargarrien argazkiak erakutsi zizkieten gizonezko boluntarioei, atzealde zuri eta gorrietan. Gizonek gorrian zeuden emakumeak ikusten zituzten erakargarrien. Gero, emakumeak kamiseta gorri, urdin edo berdeak jantzita konparatzeko eskatu zieten. Esan zuten nahiago zutela gorriz jantzita zeuden emakumeekin irten, eta hitzorduan diru gehiago gastatuko zutela.

Gorriaren eragina testuinguruaren araberakoa da. Errealizazio-testuinguruetan, gorriak arriskua esan nahi du, eta horrek saihestera eramaten du; baina maitasun-egoeratan, gorriak sexu-aukera esan nahi du, eta gerturatzeko egoerara eramaten du. Gizakien portaeran koloreen eragina hain ohikoa dela ikusita, jendea horretaz ez konturatzeak harritzen ditu ikertzaileak.

7K- n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia