
Maiatzaren 25ean iritsi zen Phoenix zunda Marteren gainazalera. Lurreratzea bertatik bertara ikusteko, Marteren inguruan biraka dabiltzan hiru sateliteen orbitak aldatu zituzten, Phoenix iritsiko zen unean inguru hartan egon zitezen. Mars Reconnaissance Orbiter espazio-ontziak egin zituen alboan ikusten diren argazkiak. Une hartan gainazaletik hamar bat kilometrora zegoen Phoenix, eta artean paraxuta irekita zuen (argazki txikian, zunda paraxutetik zintzilik ikusten da). Hainbat betebehar ditu orain Phoenix-ek, besteak beste, Marten bizia egon ote zen edo egon daitekeen zehaztea, Marteren klima deskribatzea eta planetaren geologia aztertzea.
Argazkia: NASA/JPL/Arizonako Unibertsitatea
Lakar Iraizoz, Oihane
Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.