}

Ipar poloan, estazio automatikoa

2000/04/11 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Dirua National Science Foundation (NSF) erakundeak jarriko du proiektua aurrera eramateko eta, urte honetan behintzat, Kanadako, Estatu Batuetako eta Japoniako ikerketa zentro batzuek hartuko dute parte.

Itsasoaren eragina klima orokorrean aztertuko duen estazio automatikoa kokatuko dute Ipar poloan. Lurralde horretan flotatzen duen izotza besterik ez dagoenez, ikerketarako buiak eta hondora lotutako tresneria ere erabiliko da.

Hilabete honetan nazioarteko ikertzaile talde batek eraikiko du estazioa National Science Foundation (NSF) erakundeak babestuta. Bost urterako proiektua iragarri da. Helburu nagusiak poloaren zikloak eta klimatologiaren esparruan hango itsasoaren ekarpena aztertzea dira.

Washingtongo Unibertsitateko James Morison izango da taldearen burua. Berak azaldutakoaren arabera, udaberri honetan taldeak buia sistema bat zabalduko du eta, agian, baita itsas hondoari heldutako gailuak ere, mota askotako datuak jasotzeko. Besteak beste uraren gazitasuna eta izotz geruzaren lodiera eta tenperatura neurtuko dira. «Lehenengo aldiz Ipar poloan finkatu gabeko buia-sistema itsasoan izango da».

Zientzia orokorrerako gunea

Buiak, beraz, jitoan egongo dira. Ikertzaileak, urtaro batzuetan, Ipar polora itzuliko dira buia gehiago askatzera. NSFko Michael Ledbetter ikertzailearen iritziz, urtebeteren buruan arlo zientifiko askotako proiektuak egongo dira martxan. Morisonek azpimarratu zuen epe luzeko behaketak gizakirik gabeko estazio automatizatu batean egin eta metatuko dituela, eta estazio hori langilez betetakoak baino askoz merkeagoa izango dela.

Ipar poloan luzaroan jasotako datuetan dagoeneko ikusten da Artikoak klimaren erregulazioan duen garrantzia. Behaketetan izotz geruzaren murrizketa, ur lasterren aldaketak eta horrek Ozeano Artikoan izan duen eragin handia nabari daitezke. Efektu horiek Ipar Hemisferioan egon diren zirkulazio atmosferikoaren aldaketekin lotuta daude. Zirkulazio horri «Artikoko oszilazioa» deitzen zaio eta Ipar poloan zentratua dago.

Ledbetter-en ustetan, Ozeano Artikoaren zirkulazioa eta Artikotik Groenlandiako Itsasoraino mugitzen den urak sakoneko zirkulazioaren inbertsioan eragiten du. Horregatik, klimaren kontrolean ere eragina izan behar du.

NSF erakundeak 5 milioi dolar baino gehiago jarri ditu Morisonen ikerketa taldea bost urtez lanean aritzeko. Aurten ez dute bakarrik Washingtongo Unibertsitateko lagunek parte hartu behar. Oraingoz Oregon State Unibertsitateko, Seattle-ko Pacifikoko Itsas Ingurugiroaren laborategiko, Japoniako Itsasoko Zientzia eta Teknologia zentroko eta Kanadako Met-Ocean Corp-eko ikertzaileek ere lan egin behar dute hurrengo hilabeteetan.

Morisonek zioen taldea apirilaren lehenengo egunetan abiatuko zela Ipar polora eta lehenengo buiak askatuko zituztela. Laster neurtzen hasiko diren aldagaiak dira presio atmosferikoa, tenperatura, haizea, eguzki erradiazioa, uraren tenperatura, gazitasuna, izotzaren tenperaturaren profila eta izotz geruzaren lodiera. Aske egongo direnez datorren urterako espero da buiak izotz geruzarekin flotatzen mugitzea eta, beharbada, Groenlandiako Itsasorantz iristea.

Morisonek azpimarratutako beste gauza garrantzitsua da, Ipar poloa, Lurreko edozein lehorgunetik eta edozein estaziotik oso urruti dagoela. Urpeko itsasontziak eta izotza hausteko ontziak erabilita ere, oso zaila da epe luzeetan, adibidez, tenperaturaren neurketen datuak jasotzea poloan. Flotatzen duten «estazio» horiek luzaroan eta zona geografiko zabalean lan egiteko diseinatu dira. Etorkizunean neurketak hondora lotutako tresneriari esker ugarituko dira. Gainera, Estatu Batuetako Kostazainen Cutter Healy itsasontzi berriak, —zientziarako hornitutako izotza hausteko ontziak—, parte hartuko du buiak itsasoratzeko lanetan.

«Estazio honek zientzi behaketetako hutsunea beteko du» zioen Morisonek. «Estazio horrek eta antzerako beste batzuek eskuratuko dizkiguten datu multzoak, ezinbesteko erreferentzi puntu garrantzitsuak izango dira klimaren aldaketaren ikerketa lanetan».

Jadanik hasitakoaren jarraipena

Ipar poloko estazioa martxan jartzen denean, NSF erakundeko poloetako ikerketarako bulegoak, Lurraren bi poloetan izango ditu lan egiteko guneak. Estatu Batuetako Antartikako programak dagoeneko urte osoan lanean diharduten hiru estazio ditu. Ospetsuena, beharbada, Admunsen-Scott Hego poloko estazioa da. Hala eta guztiz ere, oraingoz, bertan martxan dagoenaren pareko ikerketa egitea ezinezkoa da, Ipar poloa itsasoan flotatzen ari den izotza besterik ez delako. «Eremu» hori aldakorra da eta han dabilenak bakartuta gelditzeko arrisku handia du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia