Ioi batekin elektroien bibrazioa neurtu dute
2010/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Elektroi askeek ustez duten bibrazioa, zitterbewegung delakoa, neurtu du Austriako Innsbruck Fisika Institutuko talde batek, EHUko Fisika Kimikoaren Saileko Enrique Solano ikertzailearekin elkarlanean. Dena den, ez dute zuzenean elektroi batean ikusi; kaltziozko ioi bakar bat eta atomoak immobilizatzeko laser bat erabili dituzte elektroien portaera simulatzeko. Nature aldizkarian argitaratu dute ikerketa.
1930ean, Schrödingerrek aurresan zuen, Dirac-en ekuazioan oinarrituta, argiaren abiaduratik hurbil mugitzen ari diren partikulek, hala nola elektroi askeek, bortizki bibratzen dutela. Laborategian, baina, sekula ezin izan dute horrelakorik ikusi, batetik, bibrazio horren anplitudea txikiegia delako, eta, bestetik, azkarregi gertatzen delako.
Zuzenean behatzea ezinezkoa denez, simulazio kuantiko deritzon teknikara jo dute ikertzaileek balizko bibrazio hori existitzen ote den jakiteko. Solanok adierazi duen bezala, "simulazio kuantikoa antzerki bat bezalakoa da. Antzerki horretan, kuantikako ohiko gertakariak antzezten dira, berez gizakiak ikusi ezin dituen gertakariak".
Kondizio egokietan jarrita, ioiak laser argiarekin duen elkarrekintza deskribatzen duen eredu matematikoak islatu egiten du Dirac-en ekuazioa. Laser bidez geldiarazitako ioia, beraz, elektroi bakar baten analogotzat hartu dute, eta, orduan bai, bibrazioari antzeman ahal izan diote, eta zitterbewegung bibrazioa existitzen dela berretsi dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia