}

Intsulina pilulatan, aspaldiko ametsa

2002/02/28 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Intsulina egunero hartu behar duten gaixoen ametsetako bat injekzioak alde batera uztea izaten da, baina orain arte ez da topatu injekzioak bezain eraginkorra den ezer. Intsulinazko txatalak, sprayak eta pilulak prestatzeko saiakerek porrot egiten dute, odolera ez baita behar beste intsulina heltzen. Pilulek gainditu beharreko oztopo nagusia urdaileko eta hesteetako entzimak dira. Entzimek intsulina suntsitzen dute eta nahiz eta pilulak bilgarri babesleekin egin, arrakasta nabarmenik ez da oraino lortu.

Ildo horretatik, Errusiako Sintesi Petrokimikoen Topitxev Institutuan pilulak sintetizatzeko metodo berria garatu dute eta, dagoeneko, pilula saio klinikoen bigarren fasean dago. Atariko emaitzak oso onak izan direla ematen du eta, nahiz eta merkatura iritsi aurretik hainbat urte pasatuko diren, pilularen eraginkortasuna ez dute zalantzan jarri. Ikertzaileek adierazi dutenez, pilulak ez du diabetea sendatuko, baina eguneroko injekzioak ordezkatuko ditu. Egunean lautan otorduen aurretik pilula hartuta, injekzioak ahanztea posible izango dela esan dute.

Nolakoa da pilula?

Intsulina pilulatan hartzekotan, ezinbestekoa da urdaileko eta hesteetako entzimak gainditu eta odolera iristeko modua asmatzea, esan bezala, horixe baita intsulina-pilulek orain arte eduki duten oztopo nagusia. Ikertzaileen esanetan, pilula urdailean desegin gabe pasaraztea da lan errazena, nahikoa baita pilula urdaileko entzimei erresistentea zaion eta hesteetan desegingo den material batekin egitea. Azido poliakriliko eta polimetakrilikoek (hidrogelak) ezaugarri horiek betetzen dituztenez, horiexek erabili dituzte errusiarrek ere. Kontua da pilula hesteetan desegiten denean, intsulina xurgatu baino azkarrago suntsitzen dela. Hor egin dute errusiarrek berrikuntza handiena.

Hiru osagaiko pilulak sintetizatu dituzte. Pilulak konprimitutako hidrogel-pikor txikiak dira eta barruan intsulina dute, hesteetara iristean kanporatzen dena. Intsulina hesteetako entzimetatik babesteko, inhibitzaile bat lotu diote hidrogelari. Inhibitzailea hidrogelari lotuta dagoenez eta hidrogela ezin denez digeritu, ez dago odolera iristeko arriskurik; gorozkiekin batera kanporatuko dira. Inhibitzaile gisa arraultzek izaten duten glukoproteina bat erabili dute, funtzio bikoitza bete baitezake. Alde proteikoak inhibitzaile gisa jokatzen du eta alde gluzeikoak, berriz, aingura gisa.

Hesteetako paretek gluzidoekin lotzen den lektina substantzia dutenez, glukoproteinari esker pikorrak paretetara itsatsiko dira eta intsulina azkar sartuko da paretetik odolera. Horrela, entzimen erasoari ihes egin eta behar beste intsulina iristen da odolera.

Pilulak saguetan, arratoietan eta untxietan probatu dira eta dagoeneko saio klinikoen bigarren fasean daude. Ez dira kaltegarriak, baina euren eraginkortasuna guztiz frogatzea falta da oraindik. Dena dela, badirudi oso emaitza itxaropentsuak ematen ari direla.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia