Intsektuen erasoen kontrako alarma
2004/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Arto-landareek intsektuen erasoez ohartaraz ditzakete hurbil dauden beste landare batzuk. Landare askok substantzia lurrunkorrak askatzen dituzte intsektuek erasotzen dituztenean, eta substantzia horiek intsektuen harrapariak erakartzen dituzte.
Dirudienez, substantzia lurrunkorrek beste landareak ohartarazteko ere balio dute. Arto-landareekin hainbat esperimentu eginez lortu dute ondorio hori ateratzea. Esperimentu horietan intsektuek erasotutako landareak jarri zituzten arto-landare osasuntsuekin batera. Kontaktuaren eraginez, landare osasuntsuak azido lurrunkor bat ekoizten hasi ziren, baina normalean substantzia hori landare erasotuek baino ez dute ekoizten.
Bestalde, ikertzaileen esanean, erasoen kontrako prestaketa eragin dezakete substantzia lurrunkor horiek. Izan ere, haien eragina izan zuten landareek erasoen kontrako substantziak beste landare batzuek baino azkarrago ekoizten zituztela ikusi zuten.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia