}

INTERNETen MAPA

2002/01/29 Elhuyar Zientzia

Bell Labs enpresak urteak daramatza Interneten mapa ezberdinak egiten. Mapa horiek, mota ezberdinetako datuak kontuan izanda, Interneteko bideen berri ematen dute. Sarea handitzen doan heinean mapa hori aldatzen joaten da, beraz, denboran zehar sareak izan duen garapena aztertzeko, datu horiek gordetzen ari dira.

Mapak

Mapa horiek 100.000 nodo edo puntuz osaturiko zuhaitz-egiturak dira. Programak puntu horiek guztiak dozena bat arau sinple erabiliz simulatzen ditu. Horrelako mapa bat osatzeak 20 orduko prozesadore-lana eskatzen du 400Mhz Pentium batean. Mapa horiek sarean dauden interes guneak edo azterketa behar duten puntuak aurkitzeko erabiltzen dira. Mapa osatuta dagoenean, jasotako informazioa kolore ezberdinetan bana daiteke; geografiaren, distantziaren, kapazitatearen edo IP helbidearen arabera, esaterako.

Nola egiten da mapa?

Mapa egin ahal izateko, programak fidagarri ez diren datuen protokoloan (UDP) bidaltzen ditu mezuak, ausazko portu ezberdin askotara. Mezu horien TTL atala, mezuaren biziraupena mugatzen duen aldagaia, txikiagotzen joaten da sareko hurrengo gunera iristen den bakoitzeko. Aldagaia zerora iristen denean, igorleari kokapena azaltzen duen mezu bat bidaltzen dio.

Mezu horiekin, sarearen ertzen informazioa osatu eta mapa erabilgarriagoa egin dute. Etorkizunean lan hori guztia sarean gerta litezkeen akatsak aztertzeko erabilgarri izatea espero dute.

Mapak ikusteko sakatu hemen

Informazio gehiago:
Bell Labs

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia