}

Interneteko bilatzaileak ez dira zitalak

2006/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Interneteko bilatzaileak ez dira zitalak
2006/02/01 | Elhuyar
(Argazkia: Artxibokoa)

Internet-erabiltzaile askoren esanetan, bilatzaileek web orri ezagunak are ezagunago bilakatzen dituzte, beste web orri berriagoen kaltetan. Uste hori funts gabea dela ondorioztatu dute, ordea, Estatu Batuetako eta Alemaniako zientzialariek ikerketa batean.

Bilatzaileek iruzur egiten dutela uste dutenek argudio nagusi hau dute: bilatzaileek bilaketa egiteko erabiltzen duten parametroetako batek web orriak dituen estekak zenbatzen ditu. Horrela, esteka ugari duen web orria postu egokiagoan agertzen da bilaketaren emaitzan. Horrek aukera ematen dio web orriari esteka gehiago izateko. Ustezko zirkulu zoro horrek sortutako hierarkiari "Google-arkia" deitu izan zaio.

Uste horren zilegitasuna aztertze aldera, web orriek dituzten erabiltzaile- eta esteka-kopuruak konparatu dituzte. Konparaketa hori egiteko beren eredu propioa diseinatu dute, ikusirik datuak tratatzeko orain arte erabili diren ereduak ez direla baliagarriak. Diseinu horretan, hainbat faktore berri aztertu dituzte; besteak beste, bilaketan erabilitako hitzak, bilatzaileek emaitzak bilatu eta sailkatzeko dituzten moduak eta erabiltzaileek informazio hori nola baliatzen duten.

Emaitzek argitu dute web orriek duten esteka-kopuruaren eta erabiltzaile-kopuruaren arteko erlazioa lineala dela. Hots, web orri batek duen bisitari-kopurua esteka-kopuruarekiko proportzionala da. Horrek esan nahi du ez dagoela arrazoirik pentsatzeko esteka-kopuruak web orri jakin batzuetara bideratzen dituenik erabiltzaileak.

Berriak labur
11
1
217
2006
2
024
Internet