Internet, datu-trukez lepo
2007/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gaur egun, Interneteko informazio-kantitate izugarria arazorik gabe kudeatzen da. Baina noiz arte? Izan ere, urtero ematen da aditzera geroz eta zailagoa izanen dela erabiltzaileen beharrak asetzea. Non dago arazoa, baina? Routerretan. Kableek behar bezainbesteko ahalmena izanda ere, haien muturretan dauden nodoak geroz eta kargatuagoak daude: routerren zeregina datu-paketeak sareko bide motzenetik bideratzea da, eta segundoro kalkulu anitz egin behar dituzte. Noski, datu-kopurua handituz gero, routerrek gainezka egiteko arriskua dago.
Informazio-trukeen kopurua handitzearena ez da alarmismo hutsa: Internet gizarte zabalera iritsi zenetik, geroz eta byte gehiago erabiltzen dira. 90eko hamarkadan, sarea byte gutxiko mezu elektronikoak bidaltzeko baino ez zen erabiltzen; 90eko erdialdean, irudi anizdun web guneak eta MP3 formatuko musika sortzearekin batera, megabytetako datuak maneiatzen hasi ginen. Baina benetako iraultza 2003tik landa gertatu zen: gaur egun, jendeak kolpe batez gigabytetako datuak telekargatzen ditu, adibidez, YouTube edo MyMotion web guneetatik.
Truke-erritmo eta truke-kantitate hori haziz doan heinean, beraz, kezkatzen dira adituak. Haien ustean, une batetik aurrera routerrek ezingo dute eskatutako kalkulu-kopurua eskatu bezain azkar egin. Routerrak ekoizten dituzten enpresek, ordea, ez dute iritzi bera, eta gaur egungo routerren eraginkortasuna mota horretako arazoak saihesteko bezain ona dela argudiatzen dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia