}

Inplanteen errefusa galarazteko modu berriak

2002/07/24 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa


Askotan, belauneko edo aldakako hezurra oso hondatuta dagoenean, hezurra kendu eta inplante bat jartzea beste erremediorik ez dago. Hala ere, oso ohikoa da gorputzak zati berria errefusatu eta erremedioa eman baino gehiago arazoak sortzea.


Azken finean, gorputzaren defentsa-sistemek ez dute zati berria onuragarri bezala identifikatzen, eta eraso egiten diote. Sistema immunitarioaren parte diren zelula zuriak makrofagoetan bilakatzean hasten dira arazoak.


Makrofagoak dira gorputzaren erreakzio negatiboa bultzatzen duten zelulak. Inplantearen gainazaleanitsasten dira eta orbain-ehuna sortzen dute bere inguru guztian. Gero, inplanteari eraso egiten hasiko dira, guztiz desegiteko asmoarekin.


Cleveland-eko Unibertsitatean, sistema immunitarioarentzat hain arrotz ez diren material berriak aztertzen dabiltza. Orain arte, egokienak kimikoki geldoak diren materialak zirela uste zen. Baina arratoiekin egiten ari diren saiakuntzetan alderantzizkoa ikusi da. Material hidrofiloekin eta karga negatibodun molekulez osatutakoekin egin diren inplanteetan, makrofago askoz gutxiago itsasten direla ikusi dute.


Material hidrofiloak, izenak dioen bezala, ura ‘maite’ duten materialak dira, hau da, urarekin erreakzionatzeko gai direnak. Negatiboki kargatuta dauden materialak, aldiz, azido organikoekin egindakoak dira.


Bi materialek efektu bera dutela ikusi dute: zelula zuri gutxiago itsasten dira inplantean eta, gainera, horietatik oso gutxi bilakatzen dira makrofago. Beraz, makrofago gutxiago dagoenez, ez da hain erreakzio bortitzik izaten, eta gorputzak errazago onartzen du hezurraren zati berria.


Esan bezala, oraingoz arratoiekin bakarrik egin dira saiakuntza arrakastatsuak, ikusi egin beharko da gizakietan arrakasta berdina lortzen den.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia