}

InpAkta euskal aldizkari zientifikoa sortu da

2023/12/12 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia

Durangoko Azokan aurkeztu da InpAkta aldizkari berria. Ebidentzia zientifikoak gizarteratu eta erabakigune politikoetan eragitea du helburu. Euskaraz eta ingelesez argitaratuko dira ikerketak.

inpakta-euskal-aldizkari-zientifikoa-sortu-da
Hurrengo zenbakirako deialdia 2024ko martxoaren 1ean zabalduko da. Arg. InpAkta

“Uste dugu interesgarria dela gure lurraldetik aldizkari bat sortzea, berariaz Euskal Herriari inpaktatuko dioten ikerketak ikusarazteko”, dio Ugo Mayor biokimikariak. EHUko Ikerbasque ikertzailea eta InpAkta aldizkariko erredakzio-buruen taldekidea da.

Erabaki politikoak eta sozialak ebidentzia zientifikoetan oinarrituta hartzea nahi dute aldizkariaren sortzaileek, eta helburu hori jarri diote aldizkariari. Ikerketa zientifikoen aukeraketa zorrotza egingo dute horretarako, esanguratsuak eta inpaktu sozial handikoak izan daitezen. Euskal Herri osoko 22 unibertsitate, ikerketa-zentro eta bestelako erakunde inplikatu dira proiektuan.

Aldizkariak inpaktua hainbat mailatan eragin dezaketela uste du Mayorrek: herritarrengan eta instituzioetan. Lehenengoetan, irizpide propioak garatzeko baliabideak izan ditzaten, eta erakunde publiko zein pribatuetan, hezkuntza, zaintza, garraio, kultura, osasuna, teknologia edota politika publikoak erabakitzen dituzten guneetan kontuan har ditzaten. Erabakigune politikoetan eragin nahi du aldizkariak.

Pandemia-garaian ikusi zuten zenbateraino den garrantzitsua inpaktu sozial handia duten gaiak modu zientifikoan jorratzea. Beraz, ebidentzian oinarritutako diziplina orotako ikerketa-lanak jasoko dituen aldizkari zientifikoak.

Aldizkari zientifikoetan, artikulu bakoitzaren errebisioa egiteko, arlo espezifiko horretan adituak diren hainbat ikertzaileengana jotzen da. Dagoeneko, prozesu hori gidatuko duen 50 profesional osaturiko erredakzio-batzordea du InpAktak. “Editore-lanak garrantzia handia hartu du aldizkari honetan, askotariko gaiak landuko baititu. Eta talde-lanean askoz hobeto kudeatzen dira gauza hauek, lidergoa partekatua”, dio Mayorrek.

Aldizkariak, artikulu teknikoez gain, edozein herritarrek ulertzeko moduko laburpenak ere jasoko ditu, Elhuyarrek idatziak. Artikulu teknikoak ingelesez edo euskaraz argitaratu dira; laburpenak, euskaraz, eta baita beste bi hizkuntza ofizialetan ere, gaztelaniaz eta frantsesez. Open Access izango da, osorik. Alegia, internetez sarbidea librea eta doakoa izango du aldizkariak, herritar guztientzat. Hau da helbidea: www.inpakta.eus

Norteko Ferrokarrila irratsaioan entzun daiteke Ugo Mayorri egindako elkarrizketa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia