}

Inmunologia kokainaren aurkako borrokan

1997/09/01 Ayerbe Diaz, Mirari Iturria: Elhuyar aldizkaria

Drogazaletasuna gure gizarteak sufritzen duen arazo nagusietako bat da.
Honen aurrean zientzilariek badute zer eginik, eta hortantxe ari dira aspaldidanik. Drogek nola jokatzen duten aztertu eta haien eragin kaltegarriei aurre egiteko modua bilatzen saiatzen dira. Azken aurkikuntza nagusia kokainaren aurkako txertoa da. Txerto honek kokainarekin arazoak dituztenen artera esperantza handiak ekarri ditu.

Azken urteotan kokaina eta beste psikoestimulatzaileen erabilerak izugarrizko gorakada izan du. Estatu Batuetan, adibidez, 1974. urtean kokaina behin gutxienez hartu izana 5,4 milioi pertsonak aitortu bazuen, 1985.ean kopurua 25 milioitara iritsi zen. Gure Autonomi Elkartean 1992. urtean egindako ikerketa batek % 0,9ren inguruan jarri zuen kontsumitzaile-kopurua.

Izan ere, kokainaren kontsumoak gora-behera handiak izan ditu historian zehar. Inkek K.a. VI. mendean dagoeneko koka-hostoa mastekatzen zuten euren ospakizunetan, baina oso era murriztuan. Kontsumoaren zabalkuntza espainiarrek Peru konkistatu ondoren gertatu zen, indiar zapalduen artean kapataz espainiarrek bultzatuta. Europan ordea, XIX. mendeko erdialdera arte ez zen zabaldu. Garai hartan neurologo italiar batek kokaren ontasunak goraipatu ondoren ikertzaileek aztergai hartu zuten, kokaina bera isolatuz eta haren formula kimikoa aurkituz. Kirurgian lekuko anestesiko bezala ere erabiltzen hasi ziren. Bestalde, edari suspergarrien osagai bihurtu zen, hala nola “vin Mariani” eta lehenengo “Coca-Cola”. Freud-ek berak “Über Coca” idazlanean kokaina sendagai bezala erabiltzea gomendatu zuen. Honi eskerrak Europan gehien hartzen zen sendagaietako bat izatera iritsi zen.

Hala ere, laster azalduko zen lehenengo menpekotasun-kasua, eta ondorioz mesfidantza sortu zen sendagileen artean. Honek ordea ez zuen eraginik izan bestelako erabilpenetan. 1930-40 hamarkadan Alemania zen munduko kontsumitzailerik handiena, baina II. Mundu-Gerran gertatu zen anfetaminen erabilpen zabalak kokainaren kontsumoaren beherakada ekarri zuen. 70eko hamarkadan ordea berriro gora egin zuen, eta hala gaur arteraino.

Kontsumitzeko modua ere aldatu egin da. Hasieran koka-hostoak mastekatu egiten ziren; gero koka-edariak hartu edo xiringatu egiten ziren, baina gaur egun gehienek esnifatzea nahiago izaten dute. Modu honek menpekotasuna sortzeko ahalmen txikiagoa izanik, kokainak kalterik eragiten ez zuelako sona zabaldu zen, eta honek kontsumoaren gorakada erraztu zuen.

Crack delakoa agertu zenean, salneurri baxuagoak lagunduta, izugarrizko jendetza hasi zen substantzia hau kontsumitzen. Kokaina urarekin tratatu ondoren lortzen da crack-a. Substantzia honek errazago zeharkatzen du odol eta garunaren arteko muga, eta horregatik menpekotasuna azkarrago sortzen du, eta toxikapena ere errazago gerta daiteke. Crack-aren eragin suntsitzaileak ikusita, kokainari buruz uste zena birplanteatu beharrean aurkitu ziren zientzilariak, eta kalterik ezaren uste hura gezurra galanta dela berehala aurkitu zuten. Kokainak garun-zurtoineko egitura erretikularrean eragiten du, monoaminen neurotransmisio-sisteman hain zuzen ere, eta beroni zor zaio menpekotasuna sortzeko duen ahalmena.

Neurotransmisore horiek noradrenalina, dopamina eta serotonina dira, baina kokainak dopamina erabiltzen duten sistemetan eragiten du soilik. Beraz, kokainaren aurkako borrokan oso garrantzitsua izan da neurotransmisio dopaminergikoak nola lan egiten duen aztertzea eta kokainak zein puntutan eragiten duen zehaztea. Hau guztia jakin ondoren, zenbait sendagai erabiltzen hasi dira psikoterapiarekin batera, batez ere kokaina hartzeari utzitakoan sortzen diren sintomei aurre egiteko eta zaletasuna gutxitzeko, baina zoritxarrez, oraindik ez dute mirarizko sendagairik aurkitu.

Inmunologiak bide berriak eskaintzen dizkigu borroka honetan. Zientziaren atal honek antigeno eta antigorputzen arteko elkarrekintzak aztertu ditu, eta kasu bakoitzean egokia izan daitekeen antigorputza sortzeko ahalmena lortu duela esan dezakegu. Antigorputz hauek erabilpen zabala dute gaur egun, ez bakarrik inmunologia klasikoak dioen bezala, antigenoak ezagutu eta haiekin lotzeko, baizik eta hau oinarritzat hartuz, katalizatzaile bezala ere erabil daitezke, prozesu kimikoa gerta dadin behar duen aktibazio energia gutxituz.

Antigorputzak, beraz, kasu bakoitzerako diseina daitezke, eta horretarako hapteno izenaz ezagutzen den eredua baino ez da behar. Haptenoa molekula da, antigorputzak lotuko dituen egitura kimikoaren antzeko molekula. Molekula sintetizatu ondoren, arratoiari xiringatu egin behar zaio antigorputz espezifikoak sor ditzan, eta ondoren antigorputzek espero zen aktibitate-maila duten ala ez aztertu.

Badira, jada, hogeita lau urte kokaina eta beste drogen aurkako aktibitatea duten antigorputzak diseinatzen hasi zirela. 1972. urtean zenbait drogarekiko espezifikoak ziren antigorputzek haien eraginak ahultzeko ahalmena zutela aurkitu zuten. 1974an heroinaren aurkako txertoa lortzen saiatu ziren, emaitzak ez ziren oso onak izan. Duela hiru urte berriz, kokaina degrada dezakeen antigorputz-taldea prestatu zuten, baina degradazioa ez zen nahi bezain azkar gertatu.

Inmunologiak eman digun aurkikuntzarik nabarmenena kokainaren gehiegizko erabilpenaren aurkako txertoa izan da, Kaliforniako La Jollan dagoen Scripps Ikerkuntza Institutuko ikertzaile-talde batek sintetizatu duen haptenoa (ikus 1. irudia).

Molekula proteina bati lotu diote, KLH proteinari hain zuzen, eta arratoiei xiringatu ondoren lortu duten antigorputzak oso aktibitate interesgarria duela ikusi dute: kokaina ez da odolera eta garunera sartzen (ikus 2. irudia). Txertatutako eta txertatu gabeko arratoiei kokaina-kopuru bera eman ondoren, txertatutakoek garunean besteek baino askoz ere kokaina gutxiago dutela aurkitu dute, txertatu gabekoek dutenaren % 18a hain zuzen.

Horrek bi abantaila ditu. Batetik, ez dio kokainari garunean eragiten uzten zaletasuna sortzeko ahalmena gutxituz; eta bestetik, haptenoak berak ere ez du garunean eragiten, hau da, ez du bigarren mailako ondorio desatseginik eragiteko posibilitaterik.

Txertoa prestatu dutenek diotenez, kokaina utzi nahi dutenei laguntza paregabea eman liezaieke. Psikiatra batzuen ustetan berriz, zaletasuna sortzea galaraz dezake, eta gaindosia duten gaixoak tratatzeko ere erabil daiteke.

Ez dira ikertzaile hauek kokainaren aurkako txertoaren prestakuntzan lanean ari diren bakarrak izan. Massachussets-eko InmunoLogic Pharmaceutical Corporation-go talde batek ere antzeko zerbait lortu omen du, baina ez dituzte emaitzak argitara eman, ez da ahaztu behar InmunoLogic enpresa pribatua dela.

Jakina, oraindik prestakuntzaren lehen fasean dauden txerto batzuei buruz ari gara, ez baitakigu benetan eraginkorrak izango diren ala ez. Scripps-ekoek prestatu dutenak 20 eguneko iraupena du oraingoz arratoiaren gorputzean. Muga hori gaindituz gero, ez du eraginik, eta noski, txertoa eraginkorra izateko hilabete edo urteetako iraupena izan behar du. Horrez gain, beste arazoetako bat zera izan daiteke, dosia handitzea ez ote den nahikoa izango txertoaren eragina deuseztatzeko. InmunoLogic-eko txertoak dosi handiagoak ere onar ditzakeela dirudi.

Azken urte honetan ikertzaile-talde gehiagok ekin dio horrelako txertoak prestatzeari hapteno berriak sintetizatuz, bai kokaina-molekula lotzeko, baita bere degradazioa katalizatzeko ere, baina oraingoz berri gutxi daukagu, saiakera-fasea hasi berri baitute.

Arazoa, beraz, guztiz konpondu gabe dago oraindik, baina ez dago zalantzarik aurkikuntza honek esperantza berriak piztu dituela kokainaren gaitzak jota daudenen artean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia