}

Ingurumena babesteko neurriak urtez urte

2002/05/19 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Abuztuan egingo den Lurraren gailurra dela eta, azken 40 urteetan ingurumenak izan dituen une garrantzitsuenen argazkia atera du World Watch erakunde ekologistak.

Abuztuaren amaieran, Nazio Batuek deituta, Lurraren Gailurra egingo da Johannesburg-en. 1992an Rio de Janeiron adostutako hamar urteko programaren emaitzak zenbatetsi eta milagarren azterketa egingo dute.

Konferentziarako giroa berotzeko, ingurumenarekin lotutako gertakari nagusien errepasoa egin du Estatu Batuetako World Watch erakunde ekologistak.

Johannesburg-erako bidea lelopean, denboran zeharreko ibilaldia osatu eta Interneten jarri du ikusgai. Argazkiz eta estekaz hornituta aurkeztu dute, polito; ingelesez, hori bai. Artikulu honetan ibilaldian aipaturiko une batzuk bildu ditugu, ingurumenaren iragan hurbilari errepaso bat emateko asmoz.

60ko hamarkada, esnatzeko garaia iritsi da

Azken berrogei urteetan ingurumenaren aldeko hainbat mobilizazio eta protesta-ekintza izan da mundu osoan barrena.

Johannesburg-erako bidea Rachel Carlson biologoaren Silent Spring liburuarekin hasten da. Liburua 1962. urtean argitaratu zen eta, askorentzat, ingurumenaren aldeko mugimendu modernoaren abiapuntua izan zen.

Carlson-ek lehenbizikoz hitz egin zuen pestizidek ingurumenean eta osasunean duten eraginaz. DDTaren erabilera hainbat txori-espezie galtzearekin erlazionatu zuen eta pestiziden eta minbiziaren arteko loturaz ere mintzatu zen.

Gaur egun, Carlson-ek iragarritakoak frogatuta daude, eta indarrean da konposatu horietako asko 2010erako desagerrarazteko ituna. Pestizidek Indian eragindako hondamendia ere ez du ahaztu erakunde ekologistak. 1984an hamar bat mila lagun hil ziren Bopal hiriko pestizida-enpresak 40 tona metil isozianato airera isuri zituenean.

60ko hamarkadan gizartea konturatzen hasi zen ez zegoela naturaren lepotik etengabe garatzerik, eta ingurumenaren aldeko lehen mobilizazioak ere ordukoak dira. Lurraren Eguna lehenengo aldiz 1970ean ospatu zen, Estatu Batuetan, eta 20 milioi pertsona atera ziren kalera.

70: Ez dago horrela segitzerik

70eko hamarkadan kontzientzia ekologikoa bazter guztietara hasi zen hedatzen. Ekonomialari, zientzialari eta enpresariek osatutako Erromako Klubak ‘Hazkundearen Mugak’ txostena argitaratu zuen, populazio-hazkundeari, poluzioari eta baliabideen ustiaketari mugak jarri beharra aldarrikatuz; bestela, 2100. urterako Lurrarenak egingo baitzuen.

Gizakiak zeraman bidea aztertzeko deialdiak egin ziren, eta Nazio Batuek Giza Ingurumena Konferentzia antolatu zuten Stockholm-en 1972an. 114 herrialdetako partaideak bildu ziren, baina ingurumen-ministro bakar bat. Izan ere, herrialde askotan oraindik ez zegoen halakorik.

1974an CFCek ozonoa suntsi zezaketela iradoki zuten bi ikertzailek, eta 1985ean Antartika gaineko ‘ozono-zuloa’ hauteman zen. Aurkikuntza larria eta esanguratsua izan zen, ozono-galera ikusita, ikertzaileek neurgailuak hondatuta zeudela pentsatu baitzuten. Baina hondatua zegoen bakarra ozono-geruza zen. Bi urte geroago Montrealgo Protokoloa sinatu zen, ozonoa suntsitzen zuten substantziak merkatutik kentzeko. Herrialde industrializatuek 1996 arteko epea izan genuen, besteek 2010 arteko epea dute.

80: Hondamendi nuklearrak eta klima-aldaketa

80ko hamarkada hondamendi nuklear baten itzalpean hasi zen, eta ez zen azkena izan. 1979an Estatu Batuetako Three Mile Island zentral nuklearreko erreaktorearen gunea partzialki urtu eta erradiazioa askatu zuen. 1986an, berriz, Txernobil-go istripua gertatu zen. Istripuak 300 bat mila lagun hil dituela eta 20 milioiren bizitza hipotekatu duela kalkulatu da, eta erradiazioaren arrastoak ez omen dira 200 urte baino lehen desagertuko.

Azken boladan, zentral nuklearrek karbono dioxidorik isurtzen ez dutela aitzakia hartuta, haien aldeko kanpaina ederrak egiten ari dira batzuk.

Hain juxtu, 80ko hamarkadan agertu ziren klima-aldaketaren inguruko lehen kezkak. Eta hain juxtu, Kiotoko Protokoloari ezezkoa eman dion Estatu Batuetatik iritsi ziren. Bertako Ingurumen Agentziak eta Zientzia Akademiak ohartarazi zuten karbono dioxidoa eta beste zenbait gas atmosferan pilatzeak Berotze Globala eragingo zuela.

90: Lurraren Gailurra eta promesak

1992an Ingurumenaren eta Garapenaren inguruan inoiz egin den bilkurarik handiena egin zen Rio de Janeiron. Garapen jasangarria lortzea helburu duen Agenda 21 lan-programa diseinatu zen, 10 urterako. Abuztuan esango dute orduan adostutakotik zenbat bete den, baina emaitza on askorik ez da espero.

Errepasoa eginez, 90eko hamarkada bilera eta itunen hamarkada izan zela dirudi: biodibertsitateaz, klima-aldaketaz, demografiaz, emakumearen egoeraz, transgenikoen salerosketaz... Hitz asko.

40 urtean denok ekologistak izatea lortu da, denok ekologista gisa jokatzea lortuko al da beste 40an.

Gara-ko Geltokia gehigarrian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia