Industri hondakinak kudeatzeko planak Hego Euskal Herrian
1997/07/01 Etxaide, Maider Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hondakin arriskutsuei buruzko estrategia estatu espainolean
Estatuko Hondakin Arriskutsuen Plana 1995ean onartu zen, artean sozialistak agintean zeudela. Bere helburu nagusiak, Europako Elkarteak proposatzen zuenarekin bat, 2000. urteari begira hondakin arriskutsuak murriztea, birziklatzea eta berreskuratzea ziren. Europako legeek hondakinen kudeaketa estatu bakoitzaren esku uzten zuten modu berean, Espainiako Planak ere Elkarte Autonomo bakoitzaren esku uzten zuen eginbide hori.
Estatuko Planak murrizketarako ezartzen zuen gutxienekoa % 40koa zen; ez zen zifra makala, alajaina! Gainera, murrizketaren kontzeptua zabalki interpretatzen zen, prebentzioa hondakinak gutxiagotzeko oinarrizko eta ezinbesteko bidetzat jotzen baitzuen. Helburuak erdiesteko programa espezifikoak martxan jartzeko asmoa ere azaltzen zuen Planak. Bazuen beste puntu edo irizpide azpimarragarria proposamen honek: ez zuen errausketa hondakinak tratatzeko beharrezkotzat jotzen. Horren ordez, eta gaur-gaurkoz tratamendurik ez duten hondakinei irtenbide kontrolatua eman ahal izateko, biltegiratzea bultzatzen zuen azken tratamendu gisa. Halaber, Elkarte Autonomo guztiak urtebeteko epean beren inbentario eta planak estatuari aurkeztera behartzen zituen. Beraz, plan hau nahikoa aurrezalea izanik, ekologistek ontzat eman zuten, nahiz eta bere atal guztiekin ados egon ez.
Ez inbentariorik, ez prebentziorik
Tamalez, eta gertatu ohi den legez, gauzak ez dira planean aurreikusi bezala egin. Bi urte igaro ondoren, dagoen egoera ondokoa da: batetik, elkarte autonomo gehienek ez dute epe hori bete, Nafarroak barne, eta, bestetik, prebentzioaren aldetik proposatzen zen guztiak ezin izan du aurrera egin. Ondorioz, inbentarioa, hots, plangintzak burutzeko halabeharrezko tresnak, falta dira kasu gehienetan. Prebentziorako proposatzen zen finantziazioa ere —2.300 mila milioi pezeta zeuden aurreikusita horretarako 1996. urtean— bete gabe geratu den beste puntu bat da. Andaluziari, adibidez, 500 milioi pezeta zegozkion eta 36 baizik ez dizkiote eman. Diru gehiena prebentzioan inbertitu beharrean, azpiegiturak eraikitzeko erabili da. Nervako (Huelva) hondakin toxikoen biltegi polemikoan (Andaluziako Plana egin gabe dagoelako eta biltegiak ingurugiro-baldintzak betetzen ez dituelako izan da polemikoa), esaterako, 300 milioi pezeta inbertitu dira urte honetan bertan.
1996ko gobernu-aldaketaren ondoren gauzek txarrera egingo dutela susma daiteke. Une honetan hondakinen lege orokorra prestatzen ari dira. Lege horri esker hondakin-mota guztiak batera arautuko diren arren (orain arte arlo hau lege desberdinetan sakabanatuta egon da), bertan proposatzen diren zenbait hondakin-tratamendu izendatzeko modua anbiguoa da eta, ondorioz, ingurugiroaren kalterako izango den irakurketa egiteko arrisku handia dago. Adibidez, “balorizazio” edo “deusezte” terminoak erabiltzen direnean, errausketa adierazi nahi dute lege honetan eta ez beste. Bestalde, aurreko planean agertzen zen prebentzioaren definizioa eta lehentasunen hierarkia (1. prebentzioa, 2. berrerabilpena, 3. birziklatzea, 4. tratamendua) ez dira errespetatzen.
Balorizazioa: termino tranpatia
Birziklapenari buruz teorizatzean sortu zen hitz hau, aprobetxamendu termikoarekin loturik. Europako Elkarteko zuzentarauetan garrantzi dezente ematen zaio balorizazioari eta bide ekologiko gisa saltzen ari dira; baina horren atzetik bultzatu nahi dena errausketa baizik ez da. Zenbait lekutan, gainera, birziklapenaren sinonimo gisa erabiltzen da. Termino hauen inguruan dagoen nahastea argitzeko asmoz, bihoaz birziklapenaren eta balorizazioaren definizio bana: birziklapena materiala berriro erabiltzea da, txatarra metalgintzarako lehengai gisa berriro erabiltzea, adibidez; balorizazioa, aldiz, erretzea da eta erretzearen ondorioz lortutako energia ekoizpen-prozesuetarako edo argindarra ekoizteko erabiltzea.
Hondakin Berezien Kudeaketarako Plan Berezia EAEn
Estatuan egiten den lehenengoetariko plana dugu hau, Kataluniakoarekin batera. Ongi eginiko inbentarioa eskatzen du, errealitatera hurbiltzen dena. Inbentario horren arabera, 538.000 tona hondakin berezi sortzen dira urtean EAEn. Horietarik % 28 azterketa egin zen unean ez zen kudeatzen, hots, jomuga ezezaguna zuen. Planaren helburuak Europako irizpidetan oinarrituta daude (prebentzioa, murrizketa eta birziklapena). Helburuok argi azaldu arren paperean, praktikan hondakinak tratatzeko azpiegiturak sortzera jo da, hala nola, taladrinak, disolbatzaileak eta olioen tratamendurako Birziklatzeko Zentro Aurreratua deritzona eraikitzera. Planak 1996. urterako hondakinak % 25 murriztea zuen helburu, baina gaur egunera arte % 13 gutxitzea baino ez da lortu. Bistan da zifra horiek estatuko Planaren helburuetatik (% 40 2000. urterako) urrun samar daudela eta horregatik EAEko plana berraztertu beharra dago. Bestalde, ez dago argi murrizketa-atalase hori prebentzio-politikaren (aurreko artikuluan prebentzioaren oinarrian teknologia garbien erabilera dagoela esaten genuen) ondorio bezala ala enpresetan praktika egoki soilak bultzatuz erdietsi nahi den.
Nolanahi ere, eta planaren buruketan puntu ilunak egon arren, Eusko Jaurlaritzaren hondakin arriskutsuen politika nahikoa itxurosoa da beste elkarte autonomo batzuen aldean.
Nafarroako Plana... edo Planik eza?
Azken lau urteak igaro dituzte Nafarroan Planari buruz eztabaidatzen. Bi urte dira jadanik lehen zirriborroa idatzi zela eta gaur egun oraindik ez du Legebiltzarrak behin-betikoa onartu. Sorreratik bertatik gaizki planteatutako gaia izan zen, Potasas de Navarra-ko lurrazpiko biltegiaren proiektuarekin batera azaldu baitzen Plana idazteko beharra. Biltegiak polemika bizia piztu zuen eta horregatik proiektu hura bertan behera utzi zen eta, oraingoz, baita Plana ere.
Plan hau estatuko Planaren epe berberei begira idatzi da (1996-2000). Bere punturik aipagarriena inbentarioa da. Horren arabera 54.000 tona hondakin berezi ekoizten dira, baina bere fidagarritasuna oso zalantzazkoa da. Proposatzen dituen helburuak ondokoak dira: % 21 murriztea eta % 18 birziklatzea/balorizatzea. Zifra hauek estatuko estrategiak proposatzen zituenetatik ikaragarri urrun daude eta, gainera, orain inolako proiekturik martxan jarri ez izanak areago urrunduko ditu xede horiek. Duela bi urte EAEko eta Nafarroako gobernuek hitzarmen bat sinatu zuten hondakin toxikoen arloan elkarri laguntzeko, baina horrek ez du aurrera egin.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia