Nanozoiberg-ak garaile 'Nanoskopioa' ideia-lehiaketan

Bilboko Maristas "El Salvador" ikastetxeko Aner Benito Ruiz, Borja Sánchez Colino eta Sergio Díez Corada ikasleek irabazi dute Saretek erakundeak abian jarritako ‘Nanoskopioa’ ideia-lehiaketaren Bizkaiko saria eta sari nagusia.

Nanoskopioa ideia-lehiaketaren sari-banaketako argazkiak

Aner Benito Ruiz, Borja Sánchez Colino, Sergio Díez Corada eta haien irakaslea den Jose Luis Vega.

Saretek erakundeak, Euskal Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Sareak, eta Elhuyar Fundazioak jarri zuten abian ideia-lehiaketa. Arabari eta Gipuzkoari dagozkien sariak Gasteizko Jesús Obrero eta Donostiako El Carmelo ikastetxeei egokitu zaizkie, hurrenez hurren.

Aurtengo Zientzia eta Teknologiaren asteko ekintzen artean Saretekek, euskal zientzia, teknologia eta berrikuntzaren sareak, Elhuyar Fundazioarekin batera, ‘Nanoskopioa’ ideia-lehiaketa jarri du martxan lanbide-heziketako eta batxilergoko ikasleentzat. Gehienez lau kideko taldeetan banatuta, ikasleek nanoteknologian ikertzen ari diren zientzialariak direla imajinatu behar zuten, eta gizarteari onura nabarmena egingo dion asmakuntza bat aurkitu dutela esan. Parte-hartzaileek nanoteknologiako asmakuntza horren horma-irudia aurkeztu behar zuten lehiaketara.

Irabazleek egindako horma-irudian azaltzen denaren arabera, nanohodiz eratutako "Nanozoiberg" batek gasolina sintetizatuko du karbono-atomoetatik abiatuta.

Sariak banatzen, Enrique Ortega, Konrado Mugertza, Andrés Población eta Felix Ares egon ziren.

Honako hauek osatu dute epaimahaia: Enrique Ortega, nanoteknologian aditua eta DIPCko kidea, Juan Arribas, Labein Fundaziokoa, Elvira González, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailekoa eta Jose María Rodríguez Ibabe, Elhuyar Fundazioko lehendakaria.

Sari nagusia lortu duen taldeko kideek PDA bana jaso dute. Horrez gain, probintzia bakoitzeko lanik onenek ikasgela osoarentzako ibilaldia jaso dute sari gisa. Hiru ibilaldi dituzte aukeran: Miramongo Zientzia Museora eta Gipuzkoako ikerketa-zentro batera bisita; Bilboko Itsas Museora eta Bizkaiko ikerketa-zentro batera bisita edo Gasteizko katedralera eta Arabako ikerketa-zentro batera bisita.

Sari-banaketa Miramongo Zientziaren Kutxaespazioan egin da azaroaren 12an, eguerdiko 13:00an, eta, horren aurretik, Museoa bisitatu dute ikasleek.

Saridunak:

ARABAKO SARIA:
Horma-irudiaren izenburua: BPN (Begi Protesi nanoteknologikoa)
Ikastetxea: Jesús Obrero, Vitoria-Gasteiz
Egileak: Nerea Marta Gallardo, Asier Martínez Herrán.
BIZKAIKO SARIA eta SARI NAGUSIA:
Horma-irudiaren izenburua: Nanozoiberg
Ikastetxea: Maristas El Salvador, Bilbao
Egileak: Aner Benito Ruiz, Borja Sánchez Colino, Sergio Díez Corada
GIPUZKOAKO SARIA:
Horma-irudiaren izenburua: UADI (Unidad artificial de defensa inmunitaria)
Ikastetxea: El Carmelo, Donostia
Egileak: Eneko Jorge Gómez, David Palenzuela

Nanoskopioa ideia-lehiaketaren sari-banaketako argazkiak


Argazkiak: N. Rementeria.

Lasa Iglesias, Aitziber

STEAM Hezkuntza arloko arduraduna Industria Ingeniaria, energia-tekniketan espezializatua (UPV/EHU) eta multimedia-ikasketak egina (UOC), Elhuyar Fundazioan dihardu 2002az geroztik, Zientziaren eta Teknologiaren gizarteratze-lanetan. Nagusiki haurrentzako eta gazteentzako proiektuetan ibilia, lehiaketak, aldizkariak eta bestelako proiektuak jarri ditu martxan Elhuyarren. 2006tik 2010era arte, BTEK Teknologiaren Interpretazio Zentroaren proiektu museologikoaren eta museografikoaren koordinatzailea izan da. Gaur egun, museografiaren ardura du Elhuyar Fundazioan, zientzia-zerbitzu espezializatuen eremuan.

Proiektu berrien diseinuaz gain, publiko desberdinei zuzendutako hainbat proiekturen ohiko kolaboratzaile ere bada gaur egun.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali