}

Nanoarchaeum equitans, bizidun-talde berri baten lehen kidea

2002/05/02 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Arkeoen barruan sailkatu duten mikroorganismo-talde berria azaldu da Islandiako ur hotzetan.
Fluoreszentzia bidezko argazkia. Gorri koloreko zelulak dira nanoarkeoak.

Islandiako kostaldeko itsas hondoan dauden tximinia hidrotermalak aztertzen dabilen zientzialari-talde batek aurkitu ditu izaki horiek. Tximiniak lur barnetik presio izugarriarekin irteten den uraren eta gasen eraginez sortzen dira. Muturreko ingurune horretan uste baino fauna aberatsagoa aurkitu zuten zientzialariek orain dela hogeita hamar urte.

Oraingoan, Islandiako kostaldeko tximinietako mikroorganismoak aztertzen dabilen zientzialari-taldeak uste baino aurkikuntza handiagoa egin du kasualitatez.

Tximinia inguruetako arroka eta legarren laginak hartu eta aztertzean, arkeoen taldean sartzen den Igniococcus generoko espezie berriekin batera beste egitura esferiko txikiago batzuk daudela konturatu dira. Izaki berriek 400 nm-ko diametroa dute eta, in situ tindaketa erabiliz, DNA propioa dutela ikusi da. Izakiaren RNAren molekula bat identifikatuz, arkeoekin erlazionatua zegoela ondorioztatu zuten. Hala ere, orain arte ezagutzen diren arkeoekin ez omen du zerikusi handirik. Beraz, talde berria osatu dute: nanoarkeoak.

Zelula handienak Ignococcus generoko arkeoak dira eta horien inguruan nanoarkeo berriak.

Izenak dioen bezala oso mikroorganismo txikiak dira, eta 500 kilobaseko genoma ñimiñoa dute. Igniococcus -ekin batera bizi direnhoriek besterik ez da ezagutzen eta ez dago argi bien arteko erlazioa zein den.

Nanoarkeoen jatorria zein izan daitekeen ere ez dakite. Batzuen ustez, Lurrean agertu ziren lehen zelulen eta gaurkoen arteko erdibideko zelula-mota izan daiteke, hau da, orain arte detektatu gabe egon den forma primitibo bat. Beste batzuen ustez, forma txiki eta sinplea eboluzioaren eragina izan daiteke; hau da, arkeo konplexuagoetatik abiatuta, bere bizi-baldintzak direla eta, eboluzioaren eraginez bere metabolismoa sinplifikatu duen izakia.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia