Immunoterapia azaleko minbiziaren kontra
2002/09/20 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Tumoreek gorputzaren defentsa-mekanismoei aurre egiteko gaitasun handia dute. Izan ere, gorputzarentzat ez dira arrotzak, bakterioak bezala, eta nonbait gorputzak ahulago erasotzen die. Zorionez, zenbait tumorek antigenoak izaten dituzte azalean eta sistema immunologikoaren erantzuna sortzen dute. Horietakoa da melanoma, azaleko minbizi-mota arriskutsuenetako bat. T linfozitoek, gure gorputzeko zaintzaile-familia batek, eraso egiten die. Urtetan, ordea, zientzialariek ez dute asmatu linfozito horien indarra terapian aplikatzen.
Arrakastaren leihoa Estatu Batuetako Minbiziaren Institutuan ireki dutela dirudi. Science aldizkariaren bidez gaur jakinarazi denez, T linfozitoez baliatuz saioan parte hartu duten 13 gaixotik 6tan tumoreen tamaina % 50 murriztea lortu dute, eta beste lautan, berriz, apur bat murriztu direla ikusi dute. Saioan melanomak jotako lagunek parte hartu dute. Guztiek azaleko minbizia beste organoetara zabalduta zuten eta hilabete gutxiko bizi-itxaropena. Tratamenduak 10en bizitza
6-24 hilabete luzatzea lortu du.
Tratamendua garatzeko, 13 gaixo horien tumoreen laginak jaso eta horietan egon zitezkeen T linfozitoak bilatu eta bildu zituzten ikertzaileek. Guztira, 50etik gora talde. Gero, banan-banan, talde bakoitza gaixoen beste tumoreetan txertatu zuten, eraginkorrena zein zen identifikatzeko. Protokolo horren bidez, 2-3 taldetara murriztu zuten hasierako sorta.
Baina talde oldarkorrena zein zen jakitea ez zen aski. Gaixo bakoitzak talde horretako linfozito asko ekoiztea lortu behar zuten, tumoreari modu eraginkorrean erasotu ahal izateko. Baina sistema immunologikoari "hau ekoitz ezazu" esaterik ez dago eta, beraz, engainatu egin zuten apur bat. Gaixoei kimioterapia eman zieten, kimioterapiak gorputzeko zaindariak suntsitu eta sistema immunologikoa asko ahultzen baitu. Egoera horretan, aukeratutako
T linfozitoak txertatu zizkieten gaixoei, eta normalean baino gehiago ugaltzea lortu zuten.
Ikertzaileak kontent daude lortutako emaitzekin, baina ez dakite epe luzean eta talde handiagoekin zer gertatuko den. Gaixo batzuetan biriketara eta gibelera hedatutako tumoreei eraso badiete ere, beste gaixo batzuekin ez du funtzionatu, eta ikertzaileek ez dakite zergatik. Baina aurrean duten erronka handiaren gainetik, Minbiziaren Institutuan garatutako protokoloa beste minbizietara egoki daitekeela uste du ikerketaren arduradun Steven Rosenberg-ek.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia