}

Maria-ren sekretuak CAF-Elhuyar sarien irabazle

2003/01/20 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Ostiralean banatu ziren IX. CAF-Elhuyar dibulgazio-sariak Lasarteko Txitxardin Beltxa jatetxean. "Kalamua: maria -ren sekretua" izenburua duen lana izan da aurtengo edizioaren irabazlea "molde arruntetatik eta sinplekeriatik ihes egin eta postura ideologikorik transmititu gabe gaia garbi eta zehatz aurkezteagatik".

Aitziber Mendiguren, Joseba Pineda eta Jose Angel Ruiz dira artikuluaren egileak. Epaimahaiaren arabera, garbi adierazi dute zein diren kalamuaren eduki farmakologikoak izan ditzakeen alde erabilgarriak eta onuragarriak, baita alde kaltegarriak zein diren ere. Beste edozein farmakoren azalpenari dagokion legez, gaiaren alderdi historikoa, biokimikoa eta fisiologikoa jorratu dituzte, maila zientifiko egokiari eutsiz eta sinplekeriatan erori gabe. Artikulua "praktikoa, irakurterraza, ondo sailkatua eta informazioz betea" iruditu zaio epaimahaiari eta horrexegatik jaso du lehen saria.

Bigarren saria Nafarroa Garaiko pagadien egoera aztertu duen lanak jaso du. Gustavo Amores Olazagirrek zehaztasun handiz erakutsi du zein den Nafarroa Garaiko pagadien egoera. Landa-lanaren emaitzak paperera ekarri ditu, eta garbi azaldu du poluzioaren sarbidea nolakoa izan den bistarako hain ederrak diren paraje horietan.

Ikerketa honek gure gune naturalen egoeraz zer pentsatua eman diola nabarmendu du epaimahaiak eta, bertakoa bada ere, neurri handian, nonahikoak ere badirela lan honek erakusten dituen seriotasun zientifikoa eta dibulgaziorako gogoa.

Hirugarren saria Kleopatrak, perlek eta luxuak irabazi dute, "gai sinple bat jorratuz, idazleek artisau-lan goxoa egitea lortu dutelako, perlak fisika kuantikoaren mailara hurbilduz". Lan biribila iruditu zaio epaimahaiari Itxaso Apraiz eta Ohiane Lakar gazteena, "eskolan banatzekoa zein bikotekidearekin ohean edo norberak komunean irakurtzeko modukoa. Irakatsi eta entretenitu batera, hau da, zientziaren dibulgazioa ondo egiten duena".

Idazle gazteentzako sari berezia

Idazle gazteen sari berezia Gorka Azkuneren "Naturaren seme ezkutuak" lanak jaso du. Hogei urteko informatika-ikasle gazte hau ez da dibulgazioan hasiberria, joan den urteko edizioan berak irabazi baitzuen bigarren saria. Orduan supersoken teoria garrantzitsu eta zaila era dotore, erakargarri eta ulergarrian aurkeztu zuen.

Aurten zulo beltzen teoriari heldu dio Gorkak. Txukun aurkeztu du zulo beltzen teoria, zuzenean behatu ezin diren astroen teoria. Nola aurreikusi ziren, horien existentziaren onarpena, gaur egun ezagutzen diren hainbat ezaugarri, euren bitartez azaltzen diren fenomenoak...

Hori guztia Einsteinen Erlatibitate Orokorraren Teoria azalduz egin du. Epaimahaikideek gaiaren gaurkotasuna, eduki zientifikoaren kalitatea eta erabilitako euskararen estiloa baloratu dituzte, "gai gogor eta astun bat era sinple eta ulerkorrean aurkeztu izana".

Aurtengo deialdian guztira 17 dibulgazio-artikulu aurkeztu dira, guztiak ere kalitate onekoak epaimahaiaren arabera. Saritutako artikuluak Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkariaren otsaileko alearekin batera argitaratuko dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia