Iman berezia
1993/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Metalik gabeko imana, teorikoki ezinezkoa da, baina horixe da Parisen Andre Rassat zientzilariak eta bere lankideek aurkitu dutena. Delako imana konposatu organikoa da, hau da, karbono, hidrogeno, nitrogeno eta oxigenoz osatua. Oinarrizko molekula organikoak erregularki eta era ordenatuan antolatutako kristal molekularra da.
Iman honek bere ezaugarriak mantentzeko tenperatura baxua behar du; gehienez ere 1,5 K-ekoa, hau da, zero absolutua baino gradu t’erdi handiagoa. Hortik gora portaera ferromagnetikorik ez du, edo bestela esan, iman izateari utzi egiten dio. Nahiz eta oso tenperatura baxua izan, orain arte aurkitu den iman organiko “beroena” da.
Andre Rassat eta lankideek lortu duten iman hau ez da kasualitatez lortu; ahalegin askoren ondorioz baizik. Izan ere, aspaldian dabiltza ezaugarri magnetikoak dituzten kristal molekularrak lortu nahian. Ezaugarri horiek, bi NO taldetatik datoz. Bakoitza nitrogeno-atomo batez eta oxigeno-atomo batez osaturik dago eta kristalaren oinarrizko molekulan daude.
NO talde hauetako bakoitzak momentu magnetikoa du eta iman elementala bailitzan portatzen da. Arazoa molekula sintesi bidez lortzea izan da, baina kristalean periodikoki metatzeko moduan eta NO talde bakoitzaren momentu magnetikoak geometrikoki konbinatzeko moduan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia