Ilearen memoria
2010/08/22 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Utahko Unibertsitateko Biologia departamentuko ikertzaileek urteak daramatzate zenbait aplikazio izan ditzakeen teknologia batekin lan egiten. Antropologoek, arkeologoek, sendagileek edota poliziek berek baliagarri izan dezaketela diote. Finean, azkenaldian egindako aurkikuntzak baieztatu edo berrestera datoz ile bakar baten analisia informazio-iturri garrantzitsua dela.
Edateko urak herrialdearen araberako ezaugarriak izaten ditu. Eta Utahko ikertzaileek ur-molekuletako oxigeno-18 eta hidrogeno-2 isotopoak izan dituzte aztergai; haien kopurua edo portzentajea leku jakin bateko prezipitazio, altitude eta beste ohiko ezaugarri batzuen araberakoa izaten da.
Bada, Utahko kideek azaldu dute ezen isotopoen inguruko datu horiei erreparatuta “nahiko modu fidagarrian” jakin ahal izan dutela AEBn 33 herrialdetan bildutako ur-laginen iturburua zein zen.
“Giza gorputza uraren osagarri diren hidrogeno- eta oxigeno-atomoez baliatzen da ilea sortzeko behar dituen proteinak eratzeko (keratina, kasu). Eta pertsona batek kontsumitutako uraren eta haren ilearen konposizioaren artean antzekotasun handia dagoela egiaztatu dugu oraingoan”, argitu dute.
Hipotesiak baieztatuz
Edateko urak herrialdearen araberako ezaugarriak izaten ditu. Hura kontsumituz gero, arrastoak norberaren ilean ere aurkitu daitezke. (Argazkia: D. Sharon Pruitt ) .
65 herritako ile-apaindegietan bildutako laginak ez ezik, Pekindik Salt Lake Cityra iritsitako gizon baten ilea ere aztertu dute. Azken hiru hilabeteetan hazitako ilean oxigeno-18 eta hidrogeno-2 isotopoen portzentajea oso altua zen, eta datuak lotura estua zuen, hain zuzen, Pekinen bildutako laginetan ikusitakoarekin.Azaletik gertuago zegoen ilean (hau da, Utahra iritsi ostean hazitakoan), ordea, isotopoen kontzentrazioa asko jaitsi zela diote zientzialariek. Eta datu hori ere bat dator Utahko estatuko iturriko uraren ezaugarriekin.
Ikerlanari hasiera ematean zituzten hipotesiak berretsi zituzten, beraz, lortutako emaitzei esker. Norberaren mugimendu geografikoak ilean nolabait “erregistratuta” gelditzen direla esan daitekeela diote.
Utahko ikerketa-taldeak, AEBko zenbait eremutan bertako iturriko ura aztertu ez ezik, leku haietako bakoitzean lortutako botilako ura, garagardoa (Budweiser) eta soda motako edariak, hala nola Coca-Cola, ere aztertu ditu oraingoan.
Bada, isotopoen analisiari esker ondorioztatu du herrialde jakin bateko “menu estandar” batean aurkitu daitezkeen elikagai eta edari ugarik (baita esneak berak ere) oinarrian tokian tokiko ur bera dutela. “Arrasto isotopikoaren” antzekotasuna ez zen parekoa izan kasu orotan. Tokian tokiko iturriko urak eta sodak antzeko konposizioa zuten, baina, adibidez, garagardoarena desberdinagoa zen.
Ura ez ezik, leku jakin bateko garagardo edo soda motako edariak kontsumitu izana ere “gakoa” izan liteke norberaren mugimendu geografikoen berri izateko. (Argazkia: atomicjeep) .
Dirudienez, dagoeneko abian dira ilearen konposizioaren analisiak animalien migrazioak ikertzeko edo xede polizialekin baliatzeko saiakuntzak. Ikertzaileek diotenez, adibidez, metodoa erabili izan da biktima bat zein haren ustezko hiltzailea nongoak ziren edo nondik zetozen argitzeko.
Bide horretan, nolanahi ere, zailtasun ugari aurkitu litezke. Baliteke, esaterako, leku jakin batean kontsumitzen duzun edari hori beste nonbait ekoitzia izatea, edota zuk zeuk ere aldez aurretik beste lekuren batean erosi izana izatea. Gainera, metodoak ez du bermatzen ile-lagin baten jatorri geografikoa ziurtasun osoz identifikatzea. “Asko lagun dezake, ordea, aukerak murrizten”, diote ikertzaileek.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia