}

Ilea haztearen gako batzuk, baina ez denak

2005/10/07 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Saguen ilea hazarazten duen mekanismo genetikoa zein den aztertu dute Marylandeko zientzialari estatubatuar batzuek. Hain zuzen ere, gene bat aktibatuta, ilerik gabeko saguei ilea haztea lortu dute. Horrek ez du esan nahi burusoilek ilea berreskuratzeko teknika bat garatu dutenik, baina bide horretan nondik jo behar duten argitzen lagunduko die ikerketa honek.

Prozesua aktibatzen duen gene bat aztertu dute, Hairless izenekoa. (Hairless hitzak ingelesez ilerik gabekoa esan nahi du). Gene horrek ilea hazteko behar diren jarduera guztiak martxan jartzen ditu. Biokimikariek Wnt bidea deitzen diote jarduera-multzo horri, eta, prozesu horretan, azalaren folikuluak etengabe berritzen dira. Folikuluak etengabe berritzea ezinbestekoa da ilea haz dadin. Wnt bidearen funtzionamendua ez da guztiz ezagutzen, baina Hairless genea prozesu horren aktibatzailea dela jakitea aurrerapauso handia izan da. Hain zuzen ere, baieztatu dute Hairless mutatuz gero ilerik ez zaiela hazten saguei,eta, kasu horretan, genea konponduta lortu dute ilerik gabeko sagu horiek ilea berreskuratzea.

Hala ere, gizakion burusoiltasunak beste hainbat jatorri izaten ditu, eta, beraz, kasu gehienetan, Hairless genearen manipulazioak ez luke balioko ilea berreskuratzeko.