Ilargiaren sorreraren inguruko teoria nagusiaren arabera, Ilargia Marteren tamainako objektu batek Lurrarekin talka egitean askatutako puskekin sortu zen. Talka bakarrean oinarritutako teoria horrek Ilargia-Lurra sistemaren zenbait alderdi azaltzen ditu, baina ez du argitzen Lurraren eta Ilargiaren antzeko konposizioari dagokiona.
Orain, ordea, Ilargia hainbat talkaren ondorioz sortu zela proposatu dute Israelgo Weizmann Zientzia Institutuko ikertzaileek. Eredu berriaren arabera, 20 bat objektuk (Lurra eta Marteren arteko tamainakoek) Lurra jo zutenean askatu ziren hondakin planetarioak. Hondakin horiek elkartuz “ilargitxoak” sortzen joan ziren, azkenean Ilargia sortu arte. Eredua bat dator Lurra-Ilargia sistemaren egungo ezaugarriekin, ikertzaileek ondorioztatu dutenez.
Nature Geoscience aldizkarian argitaratu dute ikerketa.
Helene Armentia Artzak