Ilargia kartografiatzen, argazkiak gizakien aztarnei

Gizakia Ilargira lehenengoz iritsi zela 40 urte pasatu diren honetan, normalean baino berri, albiste eta kontu gehiago entzuten dira gai horren inguruan. Bada, denboran bat egin dute urteurrena ospatzeko ekitaldiek eta NASAk Ilargiko kartografia egiteko bidalitako zundaren lehenengo emaitzek.

Orain dela hilabete eskas Ilargiaren inguruan orbitatzen hasi, eta dagoeneko bidali ditu NASAren LRO (Lunar Reconnaissance Orbiter) zundak Apollo misioetako moduluei egindako lehenengo argazkiak. Zehazki, egindako sei ilargiratzeetatik bosti antzeman die; besteak beste, Apollo 11 misioan Armstrong, Collins eta Aldrin Ilargiaren gainazalera eraman zituen Eagle moduluarena. Eguzki-argiak Ilargia oso angelu txikiarekin jotzen zuenean egin ditu argazkiak, eta, horri esker, askoz nabarmenago gelditu da moduluen kokapena, oso itzal handia ageri baitute.

NASAk aditzera eman duenez, LRO zunda oraindik gehiago hurbilduko da Ilargira, eta Ilargiaren gainazaleko argazkiek bi edo hiru aldiz bereizmen handiagoa izango dute. Misio horren azken helburua da Ilargiaren kartografia ahalik eta zehatzena egitea —etorkizunean Ilargira egingo diren espedizioetan non ilargiratu zehazteko—, zenbat erradiazio jasotzen duen neurtzea eta abar.

Irudia: Irudi handian Apollo 11 misioaren Eagle modulua ikus daiteke LRO zundak Ilargiaren gainazalari ateratako argazkian. Irudi txikian, berriz, Ilargiaren gainazalean zeudela, Armstrong-ek Adrini ateratako irudia, Eagle ondoan duela (Argazkiak: Handia, NASA/Goddard Space Flight Center/Arizona Estatu Unibertsitatea, txikia, NASA/Neil Armstrong)

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Astronomia