}

Ilargia, ahaztutako ametsa

1994/07/01 Irazabalbeitia, Inaki - kimikaria eta zientzia-dibulgatzaileaElhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Urrats txikia gizon batentzat, baina jauzi erraldoia gizateriarentzat” esaldiak hagitz mendetako ametsa bete zela adierazi zuen; horixe esan baitzuen Neil Armstrong-ek Ilargian oina jartzera zihoanean. Gertaera urrunaren zantzuak ditu esaldiak. Lanbrotan galdutako memoria lausoaren hariak baino ez dira hitzok. Alabaina, 25 urte baizik ez dira igaro.

Ilargiak, gure sateliteak, erakarmen berezia izan du gizakiarengan betidanik. Ilargiarekiko jakinmina eta Ilargiaren sinbologia berezia, giza kultura gehienen sustraietan egon dira. Eta, noski, Ilargiraino joateko ideia askoren ametsa izan da. Esaterako, Luziano Samosatakoa idazle satiriko grekoak Ilargirako bidaia desbribatu zuen Kristo hil eta mende t’erdi geroago, Benetako Historia izeneko bere lanean.

Helburu politikoa

Neil Armtrong Lasaitasunaren Itsasoan.

Lehen Sputnika jaurti arte gizakia ilargiratzea ameskeria hutsa zen. Ordutik aurrera, aukera serio eta gertu moduan ikusi zen eta espazioaren lehian ziharduten bi potentziek lehen mailako helburutzat beren herrikide bat Ilargira eramatea jarri zuten. Garai hartako espazio-esplorazio osoaren moduan, Ilargiaren konkista ere helburu politikoen zerbitzura jarri zen. EEBBen Apolo programa horren lekukorik adierazgarriena da.

Apolo programa, EEBBetako John F. Kennedy lehendakaria sustatzaile zelarik jaio zen 1961.eko maiatzean. Helburua hauxe zen: gidatutako untzi bat Ilargian hamarkadaren bukaera baino lehen (“before this decade is out”, Kennedyren hitzetan) pausatzea. Arrazoi zientifiko sakonik ez zegoen Apolo programa bultzatzearen atzean. Arrazoi politikoak izan ziren nagusi. Iparramerikarren asmoa honako hau zen: aurrerabide teknologiko handi baten bidez, beren sistema politikoa sobietarrena baino hobea zela frogatzea. Erabakia hartu aurreko urteetan sobietarrek behin baino gehiagotan utzi zituzten atzean iparramerikarrak espazio-esplorazioaren alorrean: lehen satelitea jaurtitzea, lehen gizakia espazioan jartzea eta llargiko alde ezkutuko lehen argazkiak ateratzea, besteak beste. Prestigioa zegoen jokoan.

Apolo programa oso garestia izan zen. 1961etik l972rarte 25 mila milioi dolar erabili zituen NASAk programa garatzeko, hau da, bere aurrekontuaren % 60 gutxi gora-behera. Dena den, dirutza hori EEBBetako administrazioak denboraldi berean gastatutako diruaren % 1,5 bakarrik da; ezer gutxi, gastu militarrak % 42 hartzen zuela kontuan izaten badugu. Apolo proiektuan 10.000 enpresa desberdineko 250.000 lagunek hartu zuen parte. Erabilitako dirutza izugarria izan zen, baina egin diren kalkuluen arabera EEBBetako gobernuak inbertitutako dolar bakoitzagatik zazpi dolar berreskuratu zituen programak garatutako teknologiari esker.

Apolo 11

Ilargi-modulua orbitan Lurra hondoan dagoelarik.

1969.eko uztailaren 16an ohizkanpoko mugimendua zegoen Kennedy zentru espazialean eta bere inguruetan. Inoiz ez zen horrenbeste lagun bildu lurralde hartan. Milioi bat lagunetik gorako jendetza pilatu zen Cañaveral lurmuturrera daramatzaten errepide eta autobideetan. Hondartza, kanpinak eta atseden-guneak dendaz, karabanaz eta autokarabanaz beterik zeuden. Aireportuek ezin zioten iristen ari ziren hegazkinen trafiko handiari aurre egin.

Munduko 56 estatutatik etorritako 3.000 kazetari kreditatu ziren NASAren prentsa-bulegoan. Gure planeta osoko begiak jaurtiketa-portuaren erdian zut zegoen metalezko dorre distiratsuari begira zeuden. Telebistaren irudiek 500 milioi lagun eta 1.000 milioi begi erakarri zituzten. EEBBetan, ordu batzuetan, krimena eta gaiztakeria inoiz lortutako punturik baxuenean mantendu ziren. EEBBetako telebista-aparatuen saltzaileek pagotxa izan zuten; txurroak bezala saldu baitziren E eguna baino lehen.

Saturno V aren muturrean kokaturik zegoen Apolo 11 ri begiratzen ziotenei, atzeranzko kontaketa amaigabea iruditu zitzaien. U unea inoiz ez zela iritsiko zirudien. U minus hirurogei segundo: jaurtiketarako argi berdea dago. Minutu bat besterik ez. U minus hamabi segundo: Saturno V ari eusten dioten metalezko besoak irekitzen hasi dira eta ignizio-sekuentziari hasiera eman zaio.

U minus 8,9 segundo: lehen garrak ikusi dira, baina kohetea oraindik lurrari sendo lotuta dagoenez, tinko dirau potentzia metatzen ari delarik. Hiru, bi, aurrera, zero.

Une honetantxe, koheteari eusten dioten azkeneko euskarriak aldi berean askatu dira eta ke eta su artean lurzorutik urruntzen hasi da 100 m-ko luzera duen metalezko ziria.

Apolo 15 en Lunar Rover ibilgailua.

Apolo 11 ren kabinan, jantzi espazialen barruan dauden Neil A. Armstrong, Edwin E. Aldrin eta Michaels Collins astronautak kanpoan gertatzen ari denaz ez dira ia ohartu. Eserlekuen kontra estutzen dituen presioak Lurra uzten ari direla adierazten die. Baina, kohetea inguratzen duen ke eta suaren burrunba nahiz jaurtiketa ikusten ari diren milaka lagunen alaitasun-oihu eta algarak ez dira kabinaren barnera iristen.

1969.eko uztailaren 17aren goizeko 9,32ak ziren. Jaurtigailuaren lehen bi urratsek 28.000 km/h-ko abiadura eman zioten Apolo 11 ri eta Lurraren orbitaraino eraman zuten. Gure planetaren inguruan bi bira eman ondoren, bi ordu eta hiru laurden geroago, hirugarren urratsak untzia Ilargirako ibilbidean jarri zuen 39.000 km/h-ko abiadura eman ondoren.

Hirugarren urratsa 5 minutu eta 47 segundoz egon zen pizturik. Iraungi zenean eta ondorioz motoreek emandako bulkada bukatu zenean, Lurraren grabitate-indarra untzitik tiratzen hasi zen, bere abiadura balaztatzen zuelarik. Apolo 11 ren abiadura 3.200 km/h-koa izateraino iritsi zenean, Ilargiaren grabitate-indarra hasi zen lanean untziari tiratuz eta azeleratuz. Lurrutzi eta 72 ordura untzia Ilargia orbitatzen hasi zen 8.400 km/h-ko abiaduraz.

Ilargian

Ilargiko basaltoa.

Misioaren laugarren egunean, untziak zazpigarren ilargi-orbitari hasiera eman behar zionean, tripularien tentsioa igotzen hasi zen. Aginte-modulua eta ilargi-modulua banantzeko maniobrari hasiera emateko egunerdia baino gutxiago falta zen. Ilargihartzea hamabost orduren buruan izango zen.

Espaziuntzia Ilargiaren gibelera sartu eta Houston-go kontrol-zentruarekiko irrati-kontaktua eten egin zen berriro. Aldrin narraz ilargi-modulura sartu zen. Eagle (arranoa) izenez bataituta zegoen. Kontrol-panel nagusiak piztu ondoren, Columbia aginte-modulura itzuli zen eta Armstrong-ekin batera ilargi-jantzia jarri zuen.

Banantze-maniobra hamabigarren orbitaldian hasi zen. Bi astronautak Eaglera pasatu ziren eta moduluak komunikatzen zituen ataka itxi egin zen. Aurretik kalkulatu bezala, koheteen leherketa kontrolatuek ilargi-modulua Columbia tik banandu egin zuten. Jauzi mantso batez ilargi-modulua urruntzen hasi zen Ilargiko hutsean. Houstonen kezkati zeuden eta maniobraren berri eskatu zioten aginte-moduluan gelditutako Collins-i. “Arranoak hegoak ditu” izan zen pilotuaren erantzuna.

Artean, Eaglea Ilargiko gainazaletik 90 km-ra eta Columbia tik metro gutxira zegoen eta hiru maniobra zaili ekin behar zien Lasaitasunaren Itsasoan (Mare Tranquilitatis-en) pausatu baino lehen.

Lehenik, Collinsek aginte-moduluaren koheteak piztuta eduki zituen segundo batzuetan, segidako maniobrak burutzean bi moduluak nahikoa urrun egon zitezen.

Eagle ren pausatzea ezin zen gidatze-kontrol automatikoaren menpe bakarrik utzi. Ordenadoreak azkar aldatzen ari ziren aldagaiak (altitudea, abiadura eta erregai-kontsumoa) kontrolatzen zituen. Hasierako urratsak ordenadoreak zuzenduko zituen, baina 750 m falta zirenean Armstrongek hartu zuen ilargihartze-maniobraren eskuzko kontrola.

Neil A. Armstrong astronauta iparramerikarra Ilargian 1969ko uztailaren 20ean.

Hamabi minutu falta ziren zoruan pausatzeko eta untzia gainazaletik 75.000 m-ra zegoen, 4.500 km/h-ko abiaduraz hurbiltzen zitzaiolarik. Armstrong zeuden arazoez ohartu zen: kalkulatu baino 22 km/h-ko abiadura handiagoz jaisten ari ziren eta aurrikusitako puntuan ez ziren pausatuko. Abiadura beste 12 km/h handiagoa izanez gero, ilargiratzea bertan behera utzi beharko zen. Houstonek aurrera jarraitzeko agindua eman zuen.

Bapatean, untziko ordenadoreak alarma-deia jo zuen: 1202 alarma-mezua. Ordenadorearen lan-ahalmena gandituta zegoen. Ez zen harritzekoa. Elkartze-radarra piztuta zegoen eta aldi berean, pausatze-tokia kokatu nahian zebilen eta Columbia rako itzulera-ibilbidea kalkulatzen. Kontrolak alarmari jaramonik ez egiteko agindu zuen.

Gainazaletik 11.000 m-ra Eagle k itzulipurdika egin eta pausatze-oinak behe alderantz begira jarri zituen. Balaztatze-koheteek jaitsiera-abiadura 90 km/h-ra txikiagotu zuten.

Zoruraino 4.000 m falta zirela Eagle ko ordenadoreak beste alarma-mezu bat bota zuen. “1201” garrasi egin zuen Aldrinek. “Jaramonik ez” izan zen Houstonen erantzuna, aurreko mezuaren antzeko gainkarga adierazten zuelako.

750 m falta zirenean, Armstrongek eskuzko kontrola hartu zuen. Zorua uste baino latzagoa zen. Segundo gutxitan, Armstrongek pausaleku posible batzuk aukeratu eta baztertu egin zituen. Erretrokohetearen zorrotadak Ilargiko hauts eta harriak harrotu zituen eta pilotuaren ikus-eremua lainotu egin zuen. Erregaia agortzen ari zen. Azkenik,

Armstrongek itsutzen zuten hauts-hodei artean pausatzeko erabakia hartu zuen. Kontaktua oso leuna izan zen “Pausatze-sentsoreen argiari begiratu behar izan nion, sentitu nuen bump leun hura benetako pausatzea zela ziurtatzeko” gogoratzen du Aldrinek.

Apolo II Ozeano Barean itsasoratzen.

Ilargia zapaldu baino lehen kabina eta kanpoko presioak berdindu egin behar zituzten. Sei ordu geroago, 1969.eko uztailaren 20ko goizaldeko 2,53etan, Neil Armstrongek ‘That’s one small step for …man, one giant leap for mankind” esan zuen bere eskuineko oina Lasaitasunaren Itsasoko hautsetan jarri zuenean. Atzeranzko hiruzpalau pauso eman zituen eta ondoren Ilargiko hautsa ostikatzen hasi zen. “Gainazala hauts mehez osatuta dago. Botaren puntaz erraz harrotzen dut. Geruza mehetan, egurrikatz-hautsaren moduan itsasten zaie nere boten albo eta zolari” izan ziren Ilargiari buruzko lehen inpresioak.

Aldrin jaitsi zen gero untzitik.

Ondorengo bi ordu t’erdietan zehar lan handia izan zuten astronautek: Ilargiko harriak bildu (21 kg), argazkiak atera, EEBBetako bandera zabaldu eta saio desberdinak prestatu. Zoluan jarritako telebista-kamera baten bidez beren irudiak Lurrean ikus zitezkeen.

1969 eta 1972 bitartean beste bost Apolo misiok lortu zuten Ilargian pausatzea eta beste batek (hamahirugarrenak alafede!) huts egin zuen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia