}

Ilargi-argiaren magia

2006/11/05 Elhuyar Zientzia

NASAk Interneten argitaratutako artikulu batek eman dit argia. Orain arte, ohartu gabe nengoen zer berezia den Ilargiaren argia. Eta zu, konturatu zara? Zeruan ez badago hodeirik, gaur duzu aukera, Ilbetea baita.
Ilargiaren argia Eguzkiak zuzenean igortzen duena baino 400.000 aldiz ahulagoa da.

Begiratu ingurura; gauzak ez dira egunez bezala ikusten, eta hori nahiko arraroa da. Azken finean, Ilargiaren argia Eguzkiak igortzen duen argi bera da, Ilargiaren hautsez estalitako azalean islatu ondoren. Orduan, zergatik ikusten da dena hain desberdina?

Hasteko, Ilargiak koloreak ezabatzen ditu. Badira lorategi berezi batzuk egunez baino ederragoak direnak gauez; ilargi-lorategiak dira. Lorategi horietako loreak gauez zabaltzen dira, eta zilar-kolorekoak edo zuriak izaten dira. Egunez loreen erregina izan daitekeen arrosa gorri bat grisa ikusten da gauez; aldiz, lore zuriek distira berezia dute. Badirudi Ilargiak kolorea lapurtu diola arrosa gorriari.

Arrosa ez ezik, beste gauza guztiak ere zuri-beltzean ikusten dira Ilargiaren argitan. Baina ez da hori berezitasun bakarra. Hain zuzen ere, inguruari begira nahiko denbora emandakoan, paisaia urdinxka bihurtzen dela konturatzen da bat. Urdintze horri Purkinje efektua deitzen zaio, Purkinje izeneko zientzialari bat izan baitzen fenomenoa azaldu zuen lehena, XIX. mendean.

Loreen koloreak ez dira bereizten ilargiaren argitan.

Purkinje efektua ondo nabaritzeko, argi artifizialetatik urruntzea da onena. Begiak iluntasunera egokitu ahala, ikuspegia urdindu egiten da. Hori aintzat hartuta, efektu naturala lortzearren, iragazki urdin bat erabiltzen dute zinemagileek askotan gaueko eszenak filmatzeko, eta margolariek ere antzera jokatzen dute gaueko paisaiak margotzen dituztenean.

Azkenik, Ilargiaren argitan ezin da irakurri. Bai, hori jartzen du artikuluan. Nahi baduzu, egin proba. Gaur gauean, Ilargipean, ireki liburu bat; irakurtzeko adina argi badagoela dirudi. Alabaina, irakurtzen hasi orduko ohartuko zara hitzak desagertu egiten direla.

Begietara begira

Ilargiak, beraz, koloreak lapurtzen ditu, ikuspegia urdintzen du eta liburuetako hitzak ezabatzen ditu. Misterio bat dirudi, baina artikuluan azaltzen dute zergatik gertatzen den hori.

Lehenik eta behin, komeni da datu bat jakitea: Ilargiaren argia Eguzkiak zuzenean igortzen duena baino 400.000 aldiz ahulagoa da, gutxi gorabehera. Argitasun horrekin, giza begiek ez dute egunez bezala funtzionatzen.

IIlunpean, giza begiek ez dute egunez bezala funtzionatzen.

Erretina bi pixel-mota dituen argazki-kamera digital baten antzekoa da: konoak eta makilak. Konoei esker, koloreak eta xehetasunak ikusten dira, hala nola arrosaren kolore gorria eta liburuko hitzak. Baina konoek argiaren intentsitatea handia denean bakarrik funtzionatzen dute. Eguzkia ezkutatzen denean, makilek hartzen dute ikusmenaren ardura.

Makilak izugarri sentikorrak dira, konoak baino mila aldiz sentikorragoak. Alabaina, erretinaren erdialdean, fobea zentralean, ez dago makilarik. Eta, hain justu, fobea zentrala erabiltzen du garunak irakurtzeko. Egunez ez dago arazorik, fobeak kono ugari baititu, eta horiei esker irakurtzeko aukera dugu. Gauez, ordea, fobea itsu bihurtzen da. Eta erretinaren gainerako eremuen ikusmena ez da nahikoa letrak eta hitzak bereizteko.

Azalpen hori, hala ere, ez da nahikoa argitzeko zergatik urdintzen den ikuspegia. Zientzialariek hainbat hipotesi proposatu badituzte ere, oraindik ez dute topatu azalpen fisiologikoa. Hortaz, oraindik ez da erabat argitu ilargi-argiaren misterioa. Eta beste misterio bat ere bada: pertsona batzuek ez dute eragozpenik Ilargiaren argitan koloreak ikusteko edo irakurtzeko... Horietakoa ote zara zu?

7K-n argitaratua.