Ikerketari murrizketak, itxaropenaren balazta
2010/12/01 Vivanco, Maria del Mar - CIC bioGUNE/Zelulen Biologia eta Zelula Amak Unitateko Ikertzaile Nagusia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Izan ere, hau ez da arazo berri bat. Historian, oso maiz gaitzetsi ditu gizartearen zati batek aurrerapen zientifikoak. Azken hamarkadako garapen zientifiko polemikoenetako bat medikuntza birsortzailea da. Nahiz eta azken urteotan gero eta herrialde gehiagok onartu zelula amekin egindako ikerketaren ahalmen handia, beste herrialde batzuetan polemikak bizirik dirau; esaterako, AEBn. George Bush presidentearen agintaldian, zelula amen ikerketari funts federalekin laguntzeari utzi zioten. Obama presidenteak buelta eman zion egoera horri, 2009an, betearazpen-agindu baten bidez, baina, urte bereko abuztuan, epaile federal batek blokeatu egin zuen berriro; gobernuak apelatu egin zuen. Orduz geroztik, aurrera egin dute polemikek eta lege-trukeek, eta horiei adi jarraitzen diete bai zientzialariek bai gaixo ugariren familiek; izan ere, gaixo horietako batzuek betoaren ondorioz eten diren ikerketen emaitzen onurak balia litzakete etorkizunean.
Medikuntza birsortzailean oinarritzen diren terapien helburua da, zelula amen teknologiako eta biologiako aurrerapenek lagunduta, medikuntza tradizionalaren bidez sendaezinak diren zauriak osatzea eta ehunaren egitura osorik birsortzea, baita haren funtzioak ere. Egun, oso terapia gutxitan erabiltzen dira zelula amak, eta komunitate zientifikoaren babes zabala dute. Terapia horietan zelula ama helduak erabiltzen dira. Adibidez, hezur-muinaren transplanteen bidez, odoleko gaixotasun batzuk tratatzen dira, edo odol-sistema leheneratu, minbizi-mota batzuen aurkako terapiaren ostean. Enbrioien zelula amen ikerketa etengabeak aurrerapausoak eman ditu, eta lorpen batzuek zientzialari askoren baikortasuna eta egun sendaezinak diren gaixotasunetako bat duten gaixoen itxaropena suspertu dituzte; esaterako, enbrioien zelula amak kardiomiozito (bihotzaren zelula) bihurtzeak edo diabetearen arloan egindako aurrerapen nabarmenek.
AEBren azken hamarkadetako ahalmen eta aurrerapen zientifikoari lagungarri izan zaio gobernuak etorkizunerako apustu moduan egindako inbertsio ekonomiko handia; babes hori ezberdina izan da gobernua demokrata izan edo errepublikanoa izan. Finantzaketa federalaz gainera, banakoen legatuen, fundazio pribatuen eta mota askotako erakundeen babes ekonomiko informatu eta kartsua jaso dute Ameriketako Estatu Batuetako laborategiek. Finantzaketa-mota hori oso ohikoa da herrialde anglosaxoietan. Kasu batzuetan, dohaintza-emaileek gaixotasun-mota bat lehenetsi dutelako ematen da (minbizia edo bihotz-hodietako gaixotasunak, esaterako), baina aurretik aditu-talde independente batek bikaintasun zientifikoa berretsi behar du beti. Laguntza ekonomiko handi eta trinko horren bidez, Ameriketako Estatu Batuetako laborategiek herrialdeko gorabehera politiko eta ekonomikoetatik independentea den finantzaketa-iturri bat izan dute, eta haien aurrerapen zientifiko eta medikoari bide eman dio horrek.
Europako herrialde askotan, ordea, bestelakoa da egoera. Espainian, ikerketa zientifikoak jasotzen duen laguntza gobernu zentralaren eta autonomietako gobernuen (dagokion erakundearen) laguntzara mugatzen da ia-ia; Euskadin ere halakoxea da egoera. Horren ondorioz, ikerketak ezinbestekoa duen finantzaketari eragiten diote, ziklikoki, gobernu aldaketek eta krisi ekonomikoek; egungoak, adibidez, murrizketak eragin ditu. Gure herrialdeko laborategiek finantzaketan berriki jasandako murrizketak dagoeneko ondorio praktikoak izan ditu: proiektu gutxiago onartu dituzte, eta horrek eskura dauden funtsekin egin daitekeen lana ere murriztu du. Esperimentu gutxiago eginez gero, emaitza zientifiko gutxiago lortzen dira, eta, horren ondorioz, gure herrialdean emandako aurrerapauso medikoak geldoagoak dira.
AEBn, zelula amen ikerketen finantzaketa federalaren apelazioaren ebazpena denbora-kontua besterik ez da, ziur aski. Bien bitartean, aurrerapenak etengabeak dira, funts pribatuen babesari esker. Berriki, AEBk ikerketaren alde --eta, zehazki, zelula amen ikerketaren alde-- egin izanaren adibide bikain baten berri eman da Kalifornian (2010eko urriaren 11n): munduko lehen saiakuntza klinikoa egingo da enbrioien zelula amekin. Saiakuntza klinikoa egiteko derrigorrezko baimena eman zion uztailean FDAk Geron enpresari, eta, orain, lehen gaixoa aukeratu dute. Hari AEBko zazpi erietxetako beste zortzi edo bederatzi gaixo batuko zaizkio. Gaixo horrek orno-muinean kalte handiak izan ditu, eta enbrioien zelula ametatik eratorritako nerbio-zelula mota bateko zelula aitzindarien injekzio bakar bat jasoko du. Saiakuntza horrek, lehenengo fase horretan, tratamenduaren segurtasuna eta jasangarritasuna aztertuko ditu. Ondoren, oraindik ere proba ugari egin beharko dira haren eraginkortasuna frogatu eta paraplegikoek mugikortasuna berreskuratzeko terapiatzat onartzeko. Dena den, finantzaketa federalik jasotzen ez duelako eman zaio baimena konpainia horri, eta, horrenbestez, haien lanari ez diote eragiten ikerketan enbrioien zelula amak erabiltzeari buruzko eztabaida juridikoek. Beste behin ere, ikerketaren aldeko laguntza pribatuari esker lortu da aurrerapen biomedikoa, bai eta gaixoen eta haien familien itxaropenak suspertzea ere.
Denok ikusi nahi dugu nola handitzen den itxaropen hori eta nola hobetzen den bizi-kalitatea, baina nola lor daiteke hori, ikerketa babestu gabe?
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia