}

II. ZerNola Olinpiada

2003/09/01 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Aurrenekoaren arrakasta ikusita, ikasturte berrirako II. ZerNola Olinpiada antolatu da, eta urrian hasiko da.

Bai, bai, antolatzaileok oso arrakastatsutzat jo genuen I. ZerNola Olinpiadako parte hartzea; 58 ikasgelak eman zuten izena. Askok, gainera, irrika handiz hartu zuten parte: galdera berriak argitaratzerakoan egunen batzuk atzeratuz gero, hemen izaten genituen telefonoz deika. Izan ere, erantzunak puntuatzerakoan azkartasuna ere kontuan hartzen genuen.

I. ZerNola Olinpiadako sari nagusia Patxi Agirianok eman zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirolak Departamentuaren izenean. (Argazkia: E. Carton).

Lehen edizioa proba gisa hartu genuen eta, gutxienez bosteko bat eskuratu genuelakoan gaudenez, datorren ikasturterako II. ZerNola Olinpiada antolatzeari ekin diogu. Ea akatsak zuzentzen ditugun!

Proben ezaugarriak

Bigarren edizioak ere aurrekoaren egitura bera izango du. Iraila izango da izena emateko hilabetea, ikasturtea hasi eta berehala. Eta ondoren probak burutzeko garaia etorriko da.

Urrian hasi eta hilero-hilero proba bat egin beharko dute partaideek. Proba bakoitzean galdera bat edo gehiago egon daitezke, baina guztiak gai beraren ingurukoak izango dira. Hilabete batean naturari buruzkoak, beste batean logika matematikoari buruzkoak, hurrengoan kimika edo fisikako galdera edo esperimentuak egin beharko dira eta horrela apirila bitartean. Maiatzean eta ekainean ez da probarik izango. Izan ere, maiatzean, eskolak bukatu baino lehen, sari-banaketako jaia egingo dugu.

Eta sariak aipatu ditugunez, aurten ere izango dira hilabete bakoitzeko proban puntu gehien lortzen dituen taldearentzako sariak. Baina, gainera, hil bakoitzeko puntuak sailkapen orokorrari gehituko zaizkio eta sailkapen horretan irabazle denak jasoko du sari nagusia.

I. ZerNola Olinpiadan, esaterako, ikasgela irabazleak, hau da Donostiako La Salle ikastetxeko DBH-1B gelak, asteburu bat pasa zuen Hondarribiko Elkano aterpetxean, Gipuzkoako Foru Aldundiari esker. Piraguan ibiltzeko aukera ere izan zuten! Bigarren olinpiada honetan ere bidaia bat izango da saria; hori da, behintzat, gure asmoa. Baina sariak akuilu onak izan arren, nahiago genuke hori ez izatea parte hartzeko arrazoi nagusia. Ameslari gajoak! esango duzue gehienok. Tira.

Ehun ikasletik gora izan zen Miramon Zientzia Museoan ospatutako I. ZerNola Olinpiadaren sari-banaketarako jaian. Kike Amonarriz arduratu zen festa-giroa jartzea. (Argazkia: E. Carton).

Hileroko proba argitaratu ondoren, partaideek 20 egun inguruko epea izango dute erantzuna aurkitu eta bidaltzeko. Batzuetan buruari eragin beharko diote, beste batzuetan kalkuluak edo esperimentuak egin eta erantzuna bilatu eta abar. Edonola ere, erantzuna epearen barruan bidali eta hemen, Armix maskotaren etxean, puntuatu egingo ditu Armixek berak.

Lau irizpideren arabera emango du puntuazioa: zuzentasuna, originaltasuna, erantzuna zenbateraino dagoen landuta eta azkartasuna. Beraz, puntu asko lortzeko, erantzuna zuzena izateaz gain, era originalean erantzutea, erantzunak landu samarrak izatea eta azkar erantzutea ere komeni da. Eta hor igartzen da talde-lanaren garrantzia, lana ondo banatzea funtsezkoa izan baitaiteke puntuak metatzeko.

Bada lana txukun egiteko beste motibazio bat ere: hilabete bakoitzeko erantzun irabazleak ZerNolan jartzen ditugu ikusgai. Eta saria ez irabazita ere, sari-banaketako jaira joan eta egun zoragarria pasatzeko aukera izango dute guztiek. Azken finean, hori da gure helburua; zerbait ikastea, baina, beti ere, ondo pasaz.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia