Iguazuko ur-jauziak

Iguazuko ur-jauziak


Iguazuko ur-jauziak
2009/07/01 | Elhuyar
(Argazkia: iStock/naphtalina)

Naturak sortutako munduko paisaia eder eta ikusgarrienetako bat dira Iguazuko ur-jauziak. Argentina eta Brasil arteko mugan daude, eta Iguazu ibaiaren urek elikatzen dituzte.

Ibaiak azaroa eta martxoa bitartean izaten du ur-emari handiena, eskualde horretako eurite-garaian alegia. Hilabete horietan, ur-jauziek, batez beste, segundoko milioi bat litro ur jaurtitzen dute, hau da, segundo bakoitzean 10 igerileku olinpiko hustuko bagenitu bezala. Ur-jauzi kopurua Iguazu ibaiaren emariaren araberakoa da. Emaria txikia denean, 160 ur-jauzi; handia denean, berriz, 260. Guztien artetik handiena "Deabruaren arroila" da: 80 metroko garaiera du.

Ur-jauziak duela ehun bat mila urte sortu ziren. Faila geologiko batek Paraná ibaiaren ibilgua puskatu zuen, eta, horren ondorioz, Iguazu ibaiaren bokalea ur-jauzi izugarri bihurtu zen. Gaur egun, 23 kilometroko distantzia dago ur-jauzia sortu zen jatorrizko tokitik gaur egungo tokiraino; izan ere, urak sortzen duen higadura geldo baina etengabearen ondorioz, ur-jauzien posizioa atzera eginez doa poliki-poliki.

Higatze-prozesuak aurrera jarraitzen duenez, Iguazuko ur-jauziek atzeraka jarraituko dute datozen milurtekoetan, antzina-antzinatik gertatzen den bezalaxe.

2
255
2009
7
028
Geografia; Geologia
Mundu ikusgarria
18

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Geologia