Igelen kantua ixiltzen ari da
2000/06/11 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Denbora luzea da anfibioak Lurrean bizi direla. Animalia tematiak dira eta 300 milioi urte daramatzate hemen, bizirik iraun nahian. Egungoa, inoiz jasan duten iraungitze handiena eta azkarrena da eta, orokorrean hitz egitea zaila izan arren, arrisku guneak altitude handiko eskualde epelak eta gune tropikalak omen dira. Populazio-galera handienak Costa Rica, Panama, Venezuela, Australia, Estatu Batuak eta Kanadan ikusi dira. Bizitza uretara begira egiten duten anfibioetan lehorrean bizi direnetan baino ikusgarriagoa da suntsipena, gainera.
1989. urtean Ingalaterran egindako kongresu batean anfibioen iraungitze masiboaren berri eman zen lehenengoz. Partaideen arteko elkarrizketa informalak zer edo zer oker zebilela argi utzi zuen. Izan ere, Costa Ricako baso lainotsuak, Australiako ekialdeko euri-oihan tropikal eta Brasileko ekialdeko mendietan bizi ziren igelek bat-batean eta aldi berean populazio-galera ikaragarriak izatea ezin zitzaion kasualitate hutsari zor. Hurrengo urteetan eginiko ikerketek Ingalaterrako bileran agertutako susmoak baieztatu egin zituzten eta ikertzaileak segituan hasi ziren erantzunen bila.
Nazioarteko ikerketak
Iraungitze masiboari buruzko lehen hotsak 80ko hamarkadaren amaieran entzun baziren ere, iraungitzea bera lehenago hasi zen. Joan den apirilean Nature zientzia-aldizkarian argitaratu zenez, anfibioak 50eko hamarkadaz geroz ari dira desagertzen. 37 herrialdetako 200 ikertzailek 936 anfibio-populazio aztertu dituzte 2 eta 31 urte bitartean. Guztira 157 apo, igel, uhandre eta arrabio espezie ikertu dira. Inoiz bildu den laginik handiena denez anfibioen mundu mailako iraungitzea egiazta dezake. Txostenaren ondorioa argia da: anfibioak mundu osoan desagertzen ari dira, eta oso azkar, gainera. Ikerketak iraun duen bitartean, hain zuzen, aztertutako 61 populazio betiko galdu egin dira.
Azken 40 urteetan urteko % 4 -5 bitartean murriztu dira anfibio-populazioak. Garairik latzena 60ko hamarkada izan omen zen: 1960tik 1966ra populazioen % 15 galdu zen urtero eta ordutik 1997ra, urteko % 2 murriztu zen. 60ko hamarkadako deskalabrua eta gero, Europako anfibio-populazioak egonkortu egin ziren baina Amerika eta Australiakoak ez, ordea. Are gehiago, han gertatutakoa hondamenditzat jotzen dute ikertzaileek.
Ezinbesteko galdera segituan dator burura. Zergatik? Zergatik ari dira hiltzen munduko lau bazterretako anfibioak? Nolatan denak batera? Hainbat hondamendi ekologikok erraz identifikatzen diren iturriak dituzte: petroleo-isuriak edo mehatzeetako hondakinen isuriak, esaterako. Baina anfibioen kasuan, iraungitzeak arrazoi ugari eta konplexuak ditu, seguruenik. Poluzioa eta habitata galtzea al dira erantzuleak? Ez dirudi, iraungitzeak parke natural eta babestutako guneetan gertatzen ari direnez. Gizakiak ekarritako harrapakariek suntsitzen al dituzte anfibioak? Ezta horrek ere, halakoetan espezie guztiak aldi berean desagertzen baitira.
Gaixotasunak
Zergatia edozein izanda ere, kontinente guztietan barreiatutako habitat pila harrapatu ditu. Horregatik, lehen ondorioa honakoa da: mundu-mailako iraungitzea bada, eragileak ere globala izan behar du nahitaez. Biologoek hainbat hipotesi izan dituzte eskuartean: ozono-geruza mehetzearen ondorioz anfibioek jasotako erradiazio ultramorea handitzea, euri azidoa, pestizida eta herbizidak... Baina indar handieneko hipotesia izurritea da.
Gaitza onddo batek sortzen omen du, Estatu Batuetan, Australian, Costa Rican eta Panaman jasotako igelen gorputzetan aurkitu den onddoak, alegia. Onddo horrek, ordea, ez ditu inoiz ornodunak gaixotu; orain arte.
Igel eta arrabioei erasotzen dieten beste bakterio, onddo eta birusak lehenago ere aurkitu diren arren, halako sarraskia gertatu den lehen aldia da honakoa. Onddoa ur-inguruneetan agertu ohi denez, izurritearen hipotesiak uretan bizi diren anfibioetan kalte-maila handiagoa dela ere azaltzen du.
Anfibioak iraungitzea aztertzen duten guztiak gero eta seguruago daude aipatutako onddoa ari dela animaliak hiltzen. Ezinbestean, hurrengo galdera honakoa da: zergatik bilakatu da hiltzaile zital orain arte ahuldutako igelak noizbehinka bakarrik erasotzen zituen onddoa? Onddoak jasandako mutazioa edo onddoa birusen batek kutsatu izana aipatzen dira zergati posibleen artean.Bestalde, anfibioen sistema inmunologikoa ahuldu egin ote den ere ikertzen ari dira biologoak.
Animalien heriotza masiboak gertatu diren lekuetan pestizidetatik eratorritako konposatu kimiko toxikoen kontzentrazio handiak aurkitu dira batzuetan, eta intentsitate handiko erradiazio ultramorea beste batzuetan. Bi faktore hauek anfibioak ahuldu dituztela uste da eta, horregatik, onddoaren erasoekiko kalteberagoak bilakatu direla. Hala ere, joan eta itzuliko bidea da hori. Litekeena da Ingurugiroan gertatu diren aldaketek anfibioak ahuldu izana posiblea da, baina ingurugiroaren aldaketa horrek berak onddoa indartu izana. Edo biak batera.
Zergatiak zergati, mundu osoko anfibioak hiltzen ari dira. Ikerketa gehiago eta zorrotzagoak behar izango dira hondamendiaren eragileak ongi finkatu eta hondamendia bera menperatu nahi badira. Bitartean, ordea, arriskuak hor dirau. Onddoak erasorik gogorrena egin al du jada? Altitude handietako anfibioetara mugatuko al da soilik? 80ko hamarkadan Australiako ekialdeko igelak hil zituen onddoak hego-mendebaldeko hainbat igel hil zituen joan den urtean. Horretarako, basamortu lehorra eta distantzia luzeak bidaiatu behar izan ditu. Baina, nola igaro du uretan bizi den onddoak basamortua? Australian ez ezik, Ameriketako altitude txikietako eskualdeetan ere agertzen hasi da.
Oro har, izadian bizi diren 4.500 anfibio-espezieen kontserbazio egoeraz ezer gutxi dakigu eta Afrikako igelei buruzko daturik ere ez da orain arte jaso. Ingurugiroan halako suntsipen masiboa eragin duen zein aldaketa gertatu den ezagutzeke dago oraindik. Baina, ez ote dira anfibioak izadiaren kanarioak?
Ingurugiro-osasunaren adierazleAnfibioak balantza ekologikoaren zati garrantzitsu dira: Amazoniako iparraldean 80 espezietik gora (Europa osoan halako bi) aurkitu dira oso gune zehatzetan. Zenbait lekutan, batez ere eskualde epeletan, anfibioak harrapakin preziatuak dira eta, aldi berean, harrapari bikainak. Anfibioen azaletik medikuntzan erabilgarri diren substantziak erauz daitezke. Are gehiago, ikerketa-esparru oso interesgarria da hori. Australian bada eltxo-izurriteak kontrolatzen dituen zuhaitz-igel zuria. Euskal Herrian ere badaukagu gure zuhaitz-igel berezia, hegoaldeko-zuhaitz igela. Igel hau ez dago gaixo (oraindik behintzat) baina bai iraungitzeko arriskuan. Orio, Usurbil eta Donostiak mugatzen duten Mendizorrotz mendian soilik bizi da eta bere ingurunea, ere, aldatu egin da. Bizileku zituen urtegi naturaletatik urtegi artifizialetara eramango dituzte eta egokituko ote ez diren beldur dira ekologistak. Lehendik ere igel hau kontserbatzeko nahiko arazorik ez bazen, gaixotasuna agertzea besterik ez da falta. Giza jarduera ingurugiroa eraldatzen ari da eta ikusten ari garen biodibertsitate-galera eraldaketa horren ondorio zuzena da. Ingurugiroa gure probetxurako aldatu einean, basa bizitzaren habitatak suntsitu egiten ditugu eta basa bizitza bera iraungitze-bidean jarri. Baina aldaketa motelagoak (ozono-geruzaren mehetzea, klima aldaketa...) ere gertatzen ari dira eta horien eraginak nondik norakoak izango diren ez dakigu. Anfibioak jasaten ari diren estutasuna aldaketa zoli horiei guztiei erantzuteko modua da, beharbada. Horregatik guztiagatik oso kontuan hartzekoa da anfibioen desagertze azkar hau. |
Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia