Igel afrodisiakoak
1991/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Joan den mendearen amaieran Afrikako iparraldean zeuden legionariek erekzio luze eta mingarriak zituztela adierazi zieten bi mediku frantsesi. Hauek egindako ikerketen arabera, meloidoen familiako koleopteroek kutsatutako igel-haragia jatea zela arrazoia frogatu ahal izan zen. Intsektu hauek Mediterranioko herrietan bizi dira eta kantaridina izeneko toxina produzitzen dute. Toxina honek azala narritatzen du, giltzurrinentzat kaltegarria da eta afrodisiakoa ere bai.
Istoriotxo hau aspalditik ezagutzen zen, baina New Yorken dagoen Cornell unibertsitateko Thomas Eisner entomologoak zeuden teoriak frogatu egin ditu. Igelak meloidoez elikatzen direnean kantaridina beren gorputz osora hedatzen da. Azalean, muskuluetan, txuan, hestean, etab.etan aurki daiteke, baina, berak eraginik jasan gabe.
Toxinak ez du luze irauten eta igelak egun batzuetan meloidorik jaten ez badu, toxina desagertu egiten da. Ikerlari honek, beraz, igel hauek jateagatik sor daitezkeen arazoak baieztatu egin ditu.
Jandako toxinak metatzen dituzten intsektu eta arrainak ezagutzen dira. Hala ere, ornodunen artean adibiderik aurkitzea oso arraroa da. Eisner-ek dioenez kantaridinaren bidez igelek beren burua babes zezaketen, baina igelak jaten dituzten animaliek ez dute intoxikazio-sintomarik erakusten.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia