}

Igartubeiti baserrian bisita birtuala

2003/03/25 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

VICOMtech ikerketa-zentroak Igartubeiti baserria etxetik bertatik bisitatzeko programa bat garatu du. Igartubeiti baserria XVI. eta XVII. mendeetan egiten zen eta egurrezko arkitekturaren adibide adierazgarria da, euskal baserriaren urrezko aroaren erakusle garbia. XVI. mendean eraiki zuten eta egurrezko egitura ia osorik eta dolarearen habe nagusia kontserbatzen dira.
Igartubeiti baserri erreala eta birtuala

Proiektuaren helburua bisitariari, errealitate birtuala erabilita, egiten ari den bisitaren berri ematea da. Horretarako, VICOMtech-en garatutako kontakizun digitalak erabiltzen dira. Kontakizun horiek errealitate birtualeko sistemak eta kontakizun historikoek erabiltzen dituztenak kontuan izanda garatu dira. Horrela, ibilbidea ‘bizi’ egin daiteke eta, gainera, garai historikoaren berri ematen da. Kontakizunak interesa pizteko eta harreman historikoak errazago ulertzeko balio du.

Birtualtasunaren gauzarik erakargarrienetako bat avatareen presentzia da; horien bitartez, erabiltzaileak gauzak benetako tamainan ikusi, eszena ulertu eta informazio historikoaren berri izan dezake, besteak beste.

Artearen eta kulturaren ikuspuntutik, proiektu honen bidez, Igartubeiti baserriaren berri beste ikuspuntu batetik eman nahi da, bisitaria historiaren partaide bihurtuz. Aldi berean, bisitariak XVI. mendeko ohitura eta objektuekin interaktuatzeko aukera izango du.

Avatereek, aurkezle birtualek,baserria ezagutzen laguntzen dute

Proiektuak, ordea, baditu bestelako helburu teknologikoak ere. Horien artean daude: egurraren egitura kopiatzea, argiztatze naturala lortzea, ahots-sintetizatzaile bat garatzea, inguruan integratuko den avatar interaktibo bat garatzea –XVI. mendeko gipuzkoarrak bezala jantziko da–, eta baserriaren eta avatararen eredu tridimentsionala Interneten integratzea.

Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Sailak finantzatu du eta, erakusketa ibiltaria izango denez, Gipuzkoako hainbat lekutatik pasatuko da.

www.basqueresearch.com

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia