}

Identifikazio-teknologiak hizpide UEUn

2001/07/18 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Aurten ere hasiak dira Udako Euskal Unibertsitatearen Iruñeko ikastaroak. Iruñeko 25. ikastaroak dira eta ez da makala euskararen unibertsitate-mailako normalkuntzan urte horietan guztietan egindako lana, baina, zoritxarrez, oraindik badago zer eginik.

Hainbat ikastaro eta hitzaldi prestatu dituzte oraingoan ere, baina ezin guztien berri eman eta Informatika Saileko bati helduko diogu, Jesus Ibañez-ek prestatutako 'Sistema Biometrikoak' izenekoari, hain zuzen ere.

Hasieran, pertsonei gagozkiola, biometria zer den azaldu du eta "pertsonen ezaugarri eta trebetasun fisikoak aztertzeaz eta neurtzeaz arduratzen den zientzia" dela esan du. Eta nola horietako asko gizabanakoak identifikatzeko erabiltzen diren (esaterako, hatz markak). Ondoren, gaur egun gizabanakoak automatikoki, hau da makinen bidez, identifikatzeko dauden teknologiak azaldu (txartelak, pasahitzak...) eta erabilienek dituzten gabeziak agerian jarri ditu. Azkenik, arrazoibideari jarraiki, gabezia horien aurrean gako biometrikoak alternatiba izan daitezkeela esan du, eta, noski, gako biometrikoak zer diren, dituzten abantailak, dauden gako biometrikoak, euren arteko konparazioa eta abarri buruz aritu da bere solasaldian.

Hainbat gako biometriko daude: hatz-markak, eskuen geometria, erretina-mapa, aurpegiera, irisa, ahotsa, sinadura, tekleatzeko erritmo eta joerak, eskumuturreko zainak, azazkalak eta gorputz-usaina. Gehienak jada erabil daitezke, garapen-fase desberdinean badaude ere, eta baten bat asmoa besterik ez da oraingoz. Horietarako tresna, datu-base eta fidagarritasun-maila egokiarekin etorkizunean etxe aurrean hitz egin eta atea irekiko zaigu; edo autoaren bolanteari heldu eta beste inork erabili ezin duen tramankulua erabili ahal izango dugu; edo osasun-etxera heltzean eskua aurkeztu eta medikuak bere mahai gainean jasoko du gure historiala; telefono-txartelik ere ez dugu beharko, ahotsarekin identifikatuko baikara; eta dirua ere alferrik izango da, dendetan irisa aztertu eta bankuak emango baitu (edo ez) salerosketarako baimena.

Baina tranparen bat izango da noski, edo ez? Horrek guztiak datu-base izugarriak sortzea esan nahi du, eta ia gure mugimendu guztien berri 'inork' jakin dezakeela. Hau da, gizabanakoen kontrol zehatza egiteko balio dezakeela. Oraingoan ere, beste askotan bezala, teknologiaren erabiltzaileen eta erabileren esku legoke erantzuna, erabilera askotarikoa izan baitaiteke. Esaterako, "munduko populazio osoaren irisaren datu biometrikoak gordetzeko kostu eta bideragarritasunari buruzko kalkuluak egin dira, eta emaitzak nahiko 'baikorrak' suertatu dira".

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia