Ideia onenetan nabigatzen
2005/12/25 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Satelite bidezko nabigazio-sistema darabilten ideiak saritu dituzte. Galileo Masters 2005 du izena ideia-lehiaketak, eta ez kasualitatez. Izan ere, Europako Espazio Agentziak Galileo izeneko nabigazio-sistema martxan jartzeko asmoa du, eta hori sustatzeko antolatu du ideia-lehiaketa.
Ideiarik onena
Lehiaketako sari nagusia Frantziako konpainia batek irabazi du: Vu Log konpainiak , hain zuzen ere. Auto ekologikoen multzo bat proposatu dute: nabigazio-ekipamendua duten auto elektrikoen multzo bat, alegia. Ideia honetan datza: alokatzeko auto guztiak bezeroen esku jartzea. Galileo nabigazio-sistema erabiliz, auto bakoitza zehazki non dagoen kontrolatuko litzateke; eta, hala, bezero batek hiri barruan autoa behar duen bakoitzean, Interneten zein telefono mugikorraren bidez, gertuen duen autoa lokalizatuko luke. Autoa non dagoen zehatz-mehatz jakingo luke, gainera.
Ideia honen abantailetako bat da autoa edozein lekutan har daitekeela, eta baita utzi ere. Beraz, auto bat azkar alokatu eta uzteko sistema bat da.
Oro har hiri barruko bidaia laburretarako prestatutako autoak izaki, motor elektrikoa dutenak oso egokiak dira —bizpahiru egunean behin, konpainia arduratuko litzateke autoak kargatzeaz—; eta, horregatik, ideia hori saritzeko garaian proposamenaren ikuspegi ekologikoa ere izan omen dute gogoan.
Lehiaketan beste ideia batzuk ere saritu dira, esate baterako, salgaien garraioa kontrolatzeko sistema bat. Balio handiko salgaiekin erabiliko litzateke batez ere. Salgaiak etiketa bat eramango luke, eta, etiketa horren bitartez, une oro jakingo luke jabeak salgaia non dagoen. Hala, ekoizten den unetik bezeroaren eskuetara iristen den arte, bide osoa kontrolatuko litzateke.
Sistema horrek beste erabilera batzuk ere izango lituzke, hala nola, hondakinen jarraipena. Hondakinak tratatzera bidaltzen dituzten enpresek, hondakinak nondik nora dabiltzan jakingo omen lukete, eta iruzurrik den ikusi (hau da, hondakinak jasotzeaz arduratzen den enpresak hondakina tratatu beharrean bere horretan botatzen ote duen zabortegira).
Galileo , Europako GPSa
Galileo Masters 2005 lehiaketan, Galileo nabigazio-sistemari etekina ateratzeko ideiak saritu dituzte.
Ideia horiek martxan jartzeko, nabigazio-sistema oso zehatza behar dute. Europako Espazio Agentziaren eskutik, satelite bidezko nabigazio-sistema berri bat izango da urte batzuk barru: Galileo . Estatu Batuetako GPSarekin eta Errusiako Glonass sistemarekin batera egingo du lan, eta metro bateko zehaztasunarekin adieraziko omen du posizioa.
Zehaztasun hori izango du abantaila nagusia, baina, askoren ustez, berrikuntza zehaztasuna ez baizik sistemaren jabegoa izango da, europarra izango dela, alegia.
Ideia-lehiaketan saritutako ideiek etorkizunean izango dugunaren aztarren bat, bederen, ematen digute; benetan gauzatzen diren ikusteko dago, baina ez harritu oso urte gutxiren buruan sistema horiek eguneroko bizitzan erabiltzen baditugu.
7K-n argitaratua.