}

Idazkera atomikoa

1991/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Tokion solido baten gainazaletik atomoak banaka erauzteko teknologia garatu behar izan dute.

Mezua honako hau da: bakea 91, Hitachi Central Research Laboratory. Mezu hori irakurtzeko, gutxienez letrak hamar milioi aldiz handiagotuko dituen mikroskopioa behar da. Izan ere letra horiek atomoz atomo idatzirik bait daude, beren altuera milimetroaren milioirena delarik.

Marka hori lortzeko, Shigeyuki Hosoki jaunak eta bere lankideek Tokion solido baten gainazaletik atomoak banaka erauzteko teknologia garatu behar izan dute. Horretarako, tunel efektuzko mikroskopioaz baliatu dira. 1982. urtean asmatu zuten mikroskopio-mota hau eta lau urte geroago Gerd Binning eta Heinrich Rohrer jaunek fisikazko Nobel saria irabazi zuten asmakuntza honegatik.

Peace 91
(edo bakea 91 ). Hitachi-ko injineruek mezu hau sufre-atomotan grabatu dute.

Solido baten gainazala garbitzen da angstrom batzuetara (angstroma milimetroaren hamarmilioirena da) dagoen ezten fin-fin batez. Eztena, korritzen duen gainazaleko ezaugarriekiko sentikorra da. Zundak erregistratutako perturbazioak neurtuz, tratamendu informatikoaren laguntzaz analizatutako laginaren irudia lortzen da.

Japoniarrek egin duten saioan, erabilitako euskarria sufre eta molibdenozko aleazioa da eta eztena wolframiozkoa. Hasieran eztena gainazaletik 10 angstromeko distantziara egon da, hau da, tunel efektuaz gainazala aztertzeko distantzia egokira. Gero, eztena erauzi nahi zuten atomoaren parean zegoenean, Hitachi-ko ikerleek zunda eta gainazalaren arteko distantzia 3 angstrom baino distantzia txikiagora murriztu dute.

Momentu horretan, zundari segundoaren zazpi ehunenetan 5,5 volteko pultsu elektrikoak ezarri dizkiote aukeratutako atomoak banaka-banaka erauztearren.

Antzeko saiakuntza burutu zuten iaz Kaliforniako San Jose hirian IBM etxeko Donald Eigler eta Ehrard Schweizer ikerleek. Xenon gasaren atomoak nikelezko kristal batean 22 orduz banaka-banaka itsatsita IBM letrak idatzi zituzten. Ikerle amerikarrek horretarako oso tenperatura baxutan lan egin zuten (–269†C–tan), molekulen higidura ahalik eta txikiena izan zedin. Japoniarrek diotenez ordea, beraiek saiakuntza giro-tenperaturan egin dute.

Teknika honek aplikazio asko izango dituela espero da, osagai elektronikoak atomo-mailara miniaturizatzea horietako bat izango delarik. Teknologia hau ezaugarri terapeutikoak dituzten molekulak markatzeko erabiltzea ere espero da.

Dena den, oraindik hamar bat urte beharko dira teknika hau aplikazio industrialetara hedatzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia