Constans, landareei loratzeko agintzen dien genea
2002/09/19 Elhuyar Zientzia
Kaliforniako Scripps Ikerketa Institutuko zientzialari-talde batek landareen loratzea kontrolatzen duen genea aurkitu du.
Constans izena jarri diote geneari, eta, dirudienez, loratzen duten landare guztietan agertzen da. Geneak kodetzen duen proteinaren kontzentrazioa egunean zehar aldatu egiten da, eta kontzentrazio maximoa ilunkeran izaten du.
Loratze-mekanismoan, Constans geneaz gain, beste osagai batzuk ere hartzen dute parte. Horietan garrantzitsuenak argi-errezeptoreak dira. Argi-errezeptoreek mota jakin bateko argi-izpien aurrean bakarrik erreakzionatzen dute. Esaterako, fitokromo A deritzon errezeptoreak argi gorriarekin bakarrik erreakzionatzen du.
Constans geneak ekoiztutako proteinaren kontzentrazioa altua denean errezeptorearen seinalea jasotzen bada, loratze-mekanismoa martxan jarriko da. Constans proteinak beste gene bati seinalea emango dio, eta loratzeko beharrezkoak diren erreakzio kimiko guztiak martxan jarriko dira.
Sistemak edozein landarerentzat balio du, espezie bakoitzaren loratze-denbora ezberdina den arren. Goiz loratzen hasten diren landareetan, mekanismoa martxan jartzeko beharrezkoa den proteina-kontzentrazioa txikiagoa izaten da, eta alderantziz berandu loratzen diren landareetan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia